Gaur (urtarrilaren 19an) San Sebastian bezperako danborradan talde berri bat aterako da: Oilo-Soro elkartea. Hauek iaz eman zuten danborradan ateratzeko ireki zen zerrendan izena. Iaz denbora arazoak tarteko, ezin izan zuten parte hartu baina aurten bai. Iaz itxi zuten danborradan atera nahi zuten talde berrien zerrenda eta helduen danborradako legedia egin zuten. Legediaren arabera ezin izango da beste bost urtetan talde berririk atera. Hemendik bost urtetara irekiko dute talde berriak ateratzeko zerrenda eta orduan berriro talde berriek parte hartzeko aukera izango dute.
Helduen danborradako arazo nagusienetako bat plazan dagoen toki arazoa da. Iaz, berriro banatu zituzten lekuak eta talde batentzako tokia gelditzen zen, baina dagoeneko toki hori beteta dago Oilo-Soro elkarteko taldearekin. Mikel Ibartzabalek Uztarriari esan dionez: "Hemendik bost urtetara erabakiko dugu nola konpondu arazo hori". Plazan jendearentzat jartzen diren hesiak mugitzeko aukera ere ez dute baztertzen udal arduradunek: "Agian plazako hesiak mugitu egin beharko dira eta ikusleei leku pixkat harrapatu beharko diogu talde berriak sartzeko. Baina oraindik ez dakigu zer egin, gainera egun horretan plazan jende asko biltzen da danborrada ikusteko".