Azpeitiko areto futbol taldea merezita gailendu zitzaion joan den asteburuan Beran Gure Txokoari 4 eta 5eko emaitzarekin. Jostaldi Kirolak-ek denboraldiko partidarik serioena jokatu zuen, atzean tinko eutsiz eta aurrean, aurten askotan alferrik galdu izan dituen aukerak sare barrura botaz. Azpeitiarrak baja ugarirekin joan ziren Berara eta horrek atezainetako bat jokalari gisa jartzera behartu zuen Ramiro Sanz entrenatzailea. Taldeko bigarren atezaina den Iban Orbegozo izan zen ate azpian eta bera, hain zuzen ere, suertatu zen norgehiagokako protagonista nagusia. Juanan Garciak (3), Andoni Etxeberriak eta IƱaki Unanuek egin zituzten Jostaldiren golak.
Beran lortutako hiru puntuak jaitsiera postuak saihesteko aproposak izan baziren ere, larunbat honetakoak garrantzitsuagoak izango dira Jostaldirentzat. Izan ere, azpeitiarrek Lazkaoko Errotaundi Okindegia taldea hartuko dute herriko kiroldegian, sailkapeneko beste arerio zuzenetako bat. Partida 16:30ean hasiko da.