Oilo-Soro: aurreneko aldiaren kronika

Uztarria 2004ko urt. 21a, 12:01

Afariko une bat
  • Oso giro onean afaldu zuten soziedadean
  • Taldeak lehen danborrada zuen; 48 lagunek irten zuten
  • Afariko argazkiak hemen ikusgai

19:00

19:00

Arratsaldeko zazpiak dira eta Oilo-Soro soziedadean afaltzeko bildu da jendea. "Nik ez diat moteil, bazkaldu ere egin", dio danborrero batek. Ia guztiak bertan daude. Kantinerak eta abanderada 19:10ean iritsi dira, pixka bat lotsatuta iritsi ere; gainera, inork ez die kasurik egin hasieran, Jon Galdos eta Pello Aranburu haiengana hurbildu diren arte, diplomaziz. Apain-apain dekoratuta dago Oilo-Soro; hartu du, bai, lan pixka bat danborradako batzordeak. "Kolore txuri-urdin gehitxo, eh!", esan du batek. "Zer?! Begiratuiok danborren koloreari…", erantzun dio lagunak; begiratzeko kolore txuri-gorriari, alegia… Reala-Athletic, Oilo-Soroko ohiko gai bat; baita San Sebastian bezperan ere.

19:30

Hasi dira afaltzen. Hasteko, urdaiazpikoa, solomoa eta txorixoa dituzte, pikatzeko. Gero, piper-beteak eta txipiroiak. Gainean, arkumea Egañanean egina eta txuletak. Eta bukatzeko, pastelak, kafea eta kopak. Debekatua dago sukaldean sartzea, danborradako batzordekoa ez bazara. "Hik esan zer nahi duan eta bale". "Bale ba" denek, jakina.

20:00

Jendea hasi da animatzen. Upelera buelta dezente egindakoak badira dagoeneko, Lizeagatik ekarritako sagardoa edatera. Ederra omen zegoen eta. ‘Txokolo’-ren doinu berria jotzen hasi dira batzuk, kubiertoekin. Hor ere eztabaida: jo behar den, ez den jo behar... 50 lagunek eman dute izena irteteko, eta gaur, Oilo-Sororen lehen danborradan, 48k irtengo dute. Eta 48 horiek daude afaltzen. Baita beste sei lagun ere. "Zuek atabalekin irten, gure ondoan, puskatzen bazaizkigu ere…". Baietz besteek (gero ahaztu, nonbait, irtetea…).

21:15

Koparen ordua. Hobeto esanda: kopena… "Nik ‘licor de hierbas", eskatu du batek. "Hi, baina hori ez jarri uztarria.com-en, eh! Nire irudia sakratua delako, eta, bestela, parte sartuko dizuet". Kopen ordua dela esan dugu lehen, bai… Kantinerak eta abanderada joan dira aldatzera, etxeren batera. "Zer de dio, ez al dira ausartzen gurekin aldatzen edo…?". Puruaren ordua ere bada; Iñaki Arregik galanta piztu du, Kubakoa. Kategoria du gau honek.

21:30

Danborradako trajea janztera almazenera. Animoso-animoso. "Ba al dakizue zein den danborradako unerik txarrena? Danborra jotzekoa", bota du Asier Oiarzabal ‘Disdira’-k. Galdos zuzendari jauna hasi da urduri jartzen. "Lagaiok argazkiak ateratzeari eta lagunduidak".

21:45

Atera dira Oilo-Sorotik. Lehendabizi, Etxe-Zurineko aldera. Handik, Astotegira. Handik aurrerakoa ez kontatzea hobe. Bueno, baina taldeak ondo jo zuen aurreneko aldia izateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide