Beste hiru etxebizitzatan egin dute lapurreta

Uztarria.com 2004ko urt. 26a, 17:01

  • Damaso Azkue inguruan egin dituzte azken lapurretak
  • Dirua, bitxiak eta arropa onak eraman ohi dituzte lapurrek

Joan den astean, hiru etxebizitzatan egin dute lapurreta Azpeitian, Damaso Azkue auzoaren inguruan. Ertzaintzak Uztarriari esan dioenez, "normalean bitxiak, arropa onak eta dirua eraman ohi dituzte". Ez da lehen aldia herrian etxebizitza batean lapurreta egin dutena. Baina Ertzaintzak esan duenez, orain auzoz aldatu dira. "Azkeneko hiru hilabeteetan Sanjuandegi eta Loiolabide aldean ibili dira, baina orain Damaso Azkue auzo inguruan hasi dira".

Lapurreta egiterakoan beti modu bera erabiltzen dutela esan du Ertzaintzak. "Lehenik, karrerako tinbrea jotzen dute etxean inor dagoen jakiteko. Baldin badago, edozein aitzakia erabiltzen dute eta beranduago saiatzen dira. Azkeneko lapurretak gertatu diren etxeetan atea giltzaz itxi gabe zegoelako gertatu dira, eta atea horrela egonda, errazago zaie etxera sartzea".

Susmoak ba omen dituzte azkeneko lapurreta horien egileei buruz, baina esan dute oraindik ez dutela inor harrapatu. Iaz gertatu ziren lapurretekin, pertsona susmagarri batzuk atxilotzea lortu zuten. "Bilbon bizi ziren atzerritar batzuk atxilotu genituen eta oraindik epaiketaren zain jarraitzen dute".

Lapurretak ez gertatzeko Ertzaintzak gomendio garrantzitsu bat zabaldu du: "Etxetik ateratako bakoitzean atea giltzaz ixtea, baita hamar minuturako atera behar bada ere".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide