Ilegalizatuak izan diren bailarako plataformek itxialdia egitea erabaki dute asteburuan, ostiraletik larunbatera (urtarrilaren 30etik eta urtarrilaren 31ra). Itxialdian gaur egun duten egoera politikoaren inguruan hausnarketa egingo dute. Horrela bazterkeria politiko hau gainditzeko formulak bilatzen hasiko direla esan dute ilegalizatuak izan diren Azkoitiko Kimue, Azpeitiko Habea, Beizamako Auzolanean Bizi eta Aizarnazabalgo Elkarlanean herri plataformetako kideek. Ilegalizatuak izan direnetik ezin dute bozkatu udaletan, parte hartzea baldintzatuta dute eta dagozkien laguntzarik ez dutela jasotzen salatu dute legez kanpo dauden hautetsiek.
Itxialdiarekin bazterkeriaren aurka aktiboki iritzia emateaz gainera, aurrera begira udaletan eta herrian egoera hori gainditzera begirako zein urrats eman ditzaketen hausnartzea dute helburu, eta helburu horren ildoko leloa hautatu dute itxialdirako: Bazterkeria politikoak hautsi, herriari herriarena.
Azkoitian egingo dute itxialdia eta itxialdi horretarako egitarau bat ere prestatu dute. Ostiralean, urtarrilaren 30ean, 20:00etan Azkoitiko plazan elkarretaratzea egingo dute itxialdiari hasiera emateko. Afal ostean herri desberdinetako egoerak aztertu eta egin ditzaketen urratsak eta ekimenak eztabaidatuko dituzte. Larunbat goizean, urtarrilaren 31n, eskualdeko eragile desberdinekin egoera azaltzeko batzarra eta herrietara begira eman ditzaketen urrats zein ekimenak eztabaidatuko dituzte. 19:30ean Azpeitian, elkarretaratzea eta ekitaldi batekin amaiera emango diote itxialdian ateratako ondorioak publiko eginez.
Herri plataformek atera duten iritzia osorik hemen rtf formatoan.