Udalak eta Azpeitiko lau ikastetxeek eskola kirolaren inguruko hitzarmena sinatu dute

Uztarria.com 2004ko urt. 28a, 13:01

  • Hitzarmenak "eskola kirolak herriko kirol politikan duen garrantzia" erakusten duela esan dute Udal kiroletako ordezkariek
  • Guraso eta begiraleentzako ikastaroak ere emango dira

Azpeitiko lau ikastetxeek eta Udalak kirolaren inguruko hitzarmena sinatu dute; hirugarren hitzarmena da. Konbenio hori eskoletako kiroletako azpiegiturak garatzeko sinatu dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Urola Ikastolak eta Iraurgi ikastetxeak. Udala eta ikastetxeez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sinatu du, eta guztien artean eskola kirola bultzatu nahi dute. Udaleko kiroletako arduradunek esan dutenez, "akordio horrek eskola kirolak herriko kirol politikan duen garrantzia" erakusten du.

Programa hori aurrera ateratzeko ikastetxe bakoitzak koordinatzailea izendatu du. Koordinatzaile horrek Eskola Kirol Kontseiluan parte hartuko du. Kontseilua, berriz, Azpeitian eskolen artean egindako kirol ekitaldiak koordinatu eta kudeatzeaz gain, eguneroko martxan gertatzen diren gorabeherak konpontzen ahaleginduko da. Baina hori ez da kontseiluaren zeregin bakarra, guraso eta monitoreentzako kirolaren inguruko formazio ikastaroak ere emango baititu. Ikastaroek egin dituzte dagoeneko lehen urratsak, gurasoentzako eskola kirolari buruzko sentsibilizazio kanpaina egin dutelako, baita begiraleentzako lehen sorospen ikastaroa ere.

Azpeitian eskola kirolak garrantzi handia du, talde askok hartzen baitu parte. Guztira 164 talde bost kiroletan banatuta: 53 talde saskibaloian, 24 pilotan, 31 herri kiroletan eta 56 futbolean. Begirale kopurua ere handia da: guztira 110 begirale.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide