Alaitz Olaizolak irabazi du Donostia Hiria saria, euskarazko antzezlanen sailean

Uztarria.com 2004ko ots. 3a, 13:02

  • Hasieran Aizpea Goenagak irabazi zuen, baina lehendik ere saritua izan zenez Olaizolari eman diote
  • Clitemnestra-ren itzulera antzezlana aurkeztu zuen Olaizolak lehiaketara

Aurtengo Donostia Hiria sariko euskarazko antzezlanen alorrean Alaitz Olaizola idazle azpeitiarra izan da lehen saritua. Olaizolak Clitemnestra-ren itzulera antzezlana aurkeztu zuen lehiaketara, eta berari egokitu zaio 11.000 euroko saria eta garaikurra. Hasieran saria Aizpea Goenaga aktore eta idazleari eman zioten, baina Donostia Hiria sariko araudiak dioenez ezin da lehendik saritua izandako lehiakide bat edo epaimahaiko kide ohi bat saritu. Beraz, bigarren postua lortu zuenari eman diote, Alaitz Olaizolari.

Olaizola Uztarriarekin egon berri da eta berak esan duenez: "Sari garrantzitsua izan da niretzako, sariak suposatzen duen guztiarengatik, eta gainera, animoak ematen dituelako lanean jarraitzeko. Dirua ere oso ondo etorri zait, une hauetan lanik gabe nagoelako".

Lagun batekin bazkaltzera joanda zenean enteratu omen zen saritua izan zela. Hala esan dio Uztarriari:"Lagun batekin bazkaltzera joanda nintzela abisatu zidaten. Gainera ez nuen espero, horrelako sariak irabazten direnean, normalean, aurretik abisatzen dutelako". Sorpresa handia hartu omen zuen saritua zela jakin zuen unean, "bazkaldu gabe" gelditu omen zen. "Aurretik saritua izan naiz, eta horrelako sustorik ez hartzea agindu nion nere buruari, baina sari honekin ere sorpresa handia hartu dut". Une hauetan ez da ari ezer idazten. "Idatzi dudan azkeneko lana Antzerki Topaketetan aurkeztu genuen: Agorafogobiatuta antzezlana". Baina buruan ba omen ditu antzezlan berrientzako proiektuak, orain "hautaketa egin eta dokumentatzea falta" omen zaio, berriro idazten hasi aurretik. Olaizola Uztarria herri aldizkariko kolaboratzailea ere bada eta hainbat artikulu argitaratu ditu Uztarria Herri Aldizkarian.

Epaimahaikide bat ere azpeitiarra

Kutxak ematen ditu Donostia Hiriko literatura sariak, urtarrilaren 31n eman ziren sariak eta aurtten XV. ekitaldia du. Euskarazko antzerkiaren saileko epaimahaia bost mahaikidek osatu dute, tartean bat azpeitiarra: Imanol Elias Odriozola, idazlea eta historialaria. Antzerkian gainera eskarmentu handikoa, Antxieta Antzerki Taldearen sortzaileetako bat baita eta antzerki lan asko idatzi dituena. Beste lau epaimahaikideak honakoak izan dira: Aurelia Arkotxa, Daniel Landart, Ana Toledo eta Patri Urkizu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide