PPko zinegotzia, Senaturako zerrendaburu

uztarria 2004ko ots. 4a, 09:02

  • Aukeratua balitz, Julia Tercerok ez du utzi beharko Azpeitiko Udala
  • 2004ko emaitzak kontuan hartuta, ez du aukera askorik

Julia Tercero, PPko Azpeitiko zinegotzia izango da bere alderdiaren Gipuzkoako zerrendaburua Senaturako martxoaren 14an Espainiako hauteskundeetan. Aukeratua irtengo balu, ez luke utzi beharko Azpeitiko Udala, bi postuak bateragarriak direlako; urtarrilaren 8an hartu zuen zinegotzi kargua Tercerok.

Baina, ez du senatari irteteko aukera handirik. Izan ere, Espainiako azken hauteskundeei begiratuz gero —2000koei; PPren historiako emaitzarik onenak izan ziren orduan, denera hamar milioi bototik gora lortuta eta gehiengo osoa Espainiako Parlamentuan—, Gipuzkoan ez zuen lortu senataririk. Herrialde honetan hiru senatari postu egoten dira jokoan.

Manoli Uranga, Basta Ya-koekin

Azpeitiko Udaleko beste zinegotzi espainiar nazionalista ere —Manoli Uranga, PSE-EEkoa— protagonista izan da azkeneko egunetan, Basta Ya elkartekoen autobusean ibili baita Euskal Herritik Espainiarako bidean. Bidaian lagun izan ditu, besteak beste, Fernando Savater filosofoa eta irakaslea, Jose Maria Calleja kazetaria. Bukatu berri dute txangoa, Andaluzian, eta Urangak berak Sevillan mahainguru batean parte hartu zuen Savaterrekin, Lasarte-Oriako PPko zinegotzi batekin eta Terrorismoaren Biktimen Elkartea izeneko ordezkari batekin. Basta Ya taldekoek euskal abertzaletasunaren kontra jardun dute; batez ere, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren planaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide