Urtero moduan Kaldereroek beren festa egingo dute karnabalak hasi baino astebete lehenago. Bertan Andoni Albizuri (Katxo) eta Rafael Rezabal omenduko dituzte, kalera atera aurretik egin ohi duten afarian. Katxok eta Rezabalek Ekain kobazuloko margoak aurkitu zituzten 1969an. Horretaz gain, Antxieta Jakintza taldeko sortzaileak dira biak. Antxieta Jakintza Taldeak, Katxo buru zuela, Erraila historiaurreko aztarnategia ere aurkitu zuen.
Afaria egin eta bi omenduak Kaldereroen Kofradiako ohorezko bazkide egindakoan, kalera aterako dira kaldereroak, zartagina astintzera. 22:15ean bilduko dira kaldereroak Juan Antxieta Musika Eskolakoekin eta Udal Musika Bandakoekin. Handik Ardozaleak elkartera abiatuko dira, eta denak batera daudenean, 22:30ean, plazan hasiko dute herriko kaleetan egingo duten ibilbidea.