Joan den larunbatean hainbat herritarrek hedabideen aurrean agerraldia egin zuten, herriko 13 gaztek duten "egoera latzari" buruz berri emateko. Izan ere, gazte horiek auziperatuak izateko zain daude eta espetxe zigor eskaerak dituzte.
Duela bi urte, 2002ko inauterietan, mamuz mozorroturik zeuden 9 gazteren, eta orduan alkate zen Jose Mari Bastida eta Udaleko beste zenbait ordezkariren artean gertatu ziren liskarren ondorioz, Bastidak salaketa jarri zuen. Istilu horiek direla eta, 9 gazteetariko bakoitzari hiru urteko espetxe zigorra ezarri nahi diete.
Hilabete bat geroago, martxoaren 17an, Bilbon egin zen manifestazio nazional baten ostean, Ertzaintzak azpeitiar bat atxilotu zuen. Kale istiluetan parte hartu izana leporatzen diote eta horregatik 9 urteko espetxe zigorra eror lekioke.
Donostian, Anoeta pilotalekuan, 2002ko maiatzaren 17an, hauteskunde kanpaina egitekoa zen, eta Ertzaintzaren eragozpenak tartean zirela, azkenean kanpoan egin zen. Ekitaldiaren amaieran istiluak sortu ziren ertzainekin eta ekitaldira joana zen azpeitiar bat atxilotu zuten. Madrilen Audientzia Nazionalean egingo dioten epaiketaren zain dago.
PSE-EEko kide Manoli Uranga "mehatxatu" izana leporatuz, beste bi gazte epaituko dituzte. Oraindik ez dakite zein zigor eskatuko duten eurentzat.
Azkenengo udal hauteskundeen barruan, zinegotzien kargu hartze egunean egin zen protestaldian, bi herritarri "desordena publikoen" akusaziopean egingo diete epaiketa.
Larunbatean 19:00etan manifestazioa
Hori guztia agertuz eta salatuz datorren larunbaterako manifestaziora deitu zuten egin zen prentsaurrekoan. Hainbat eragile eta jenderen artean ziren Imanol Lazkano bertsolaria eta Pako Aristi idazlea. Manifestazioa plazatik abiatuko da, 19:00etan.