Marco Pantani txirrindulari italiarraren heriotzak bazterrak nahasi ditu komunikabideetan eta baita pelotoian ere. Bukaera tristea izan du azken urteotako eskalatzailerik onenak, halaxe esan du Joseba Albizu, Pantaniren taldekide ohi izandako txirrindulari azpeitiarrak: "pertsekuzio handia izan du 99a geroztik, eta ez du jakin egoerari buelta ematen". Albizuk ez zuen Pantani asko ezagutu, baina "pertsona jatorra" zela dio. Eta txirrindulari italiarrarekin "gaizki jokatu" dutela ere azaldu du: "ez du inoiz positibo eman, beste jende askok bere aldean gehiago eman du eta ez du inongo eraginik izan. Bere bila joan dira".
Heriotzaren arrazoiak argitzeko
Auzitegiko medikuak Marco Pantani bihotzekoak jota hil zela baieztatu zuen eta bihotzeko hori burmuineko eta biriketako edemek eragin zutela. Hala ere, oraindik ez dakite zerk eragin zuen txirrindularia hil zuen aipatutako edemek. Medikuek bere buruaz beste egin zuela baztertu dute gaur arte.