Adio karnabalei 2005eko otsailak 6a arte

uztarria 2004ko ots. 25a, 17:02

Giro onean igaro dira aurtengo karnabalak eta hurrengo urtera arte agurtu ditugu. Haurrek, gazteek zein helduek gozatu dituzte mozorroak soinean jantzita. Batzuei labur, besteei nahiko egin zaizkie, baina izan dira mozorroa kendu nahi ez eta astearte karnabal egunez ere erretiratu gabe ibili direnak.

Euriteen beldurrak uxatuta, elegante egunak harrera ona izan zuen eta gehiengoak traje eta soinekoak hartuta irten zuen kalera. Goizean zezenarekin eta Itsasi taldekoen kalejirarekin festa giroaz gozatzeko aukera izan zuten eta arratsaldean berriro ere sokamuturrak hartu zituen herriko kaleak.

Astelehenean umeek ez zuten zorte handirik izan euria izan baitzuten lagun. Hala ere, Udal Musika Bandarekin batera kale itzulia egin zuten eta ondoren, urtero bezala oparien zozketa. Gauean aldiz, eguraldia bareturik, gazte eta helduak atera ziren batzuk landutako mozorroez, beste batzuk berriz, aurkitutako lehenarekin. Zinegotziek mozorro onenei sariak banatu zizkieten 01:30ean eta honakoak izan ziren sarituak:

Bakarkakoan:

  1. saria. Dinosauroa. 360 euro
  1. saria. Estatua. 330 euro
  2. saria. Shin Chan. 270 euro

Taldekakoan:

  1. saria. Dragoia. 540 euro
  1. saria. Txotx! sagardotegia. 480 euro
  2. saria. Erromatarrak. 420 euro

Sari berezia

  1. urte mozorrotuta. Punkiak. 300 euro

Azken egunean ezbeharra

Gau pasa eginda gehienak eta beste batzuk lo egin ondoren goizeko zezenekin hasi zen azken eguna eta ezbehar bakarra bertan gertatu zen. Emakumezko gazte batek, S.O.Z hizkiei dagokionak, aldaka inguruko hezurrak hautsi zituen sokarekin trabatuta. Gaur begiratuko diote ziurrenik medikuek zer duen zehazki orain arte ezin izan baitiote begiratu guztia handitua zuelako.

Arratsaldean zezenak eta erremonte partidak izan ziren ikusgai eta ohiturari jarraituz, zezenaren hiletarekin agurtu ziren karnabalak datorren urteko otsailaren 6a arte. Datorren urtean, aurten bezalaxe, Ikasberri ikastolakoek ostiral mehean egingo dute inauteri jaialdia, inauteriak datozela ospatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide