Atzeko postuetatik atera ezinik jarraitzen dute Hirugarren mailako Lagun Onak Futbol Taldekoek, aste honetako partida galdu ondoren. Larunbatean jolastu zuten Garmendipe futbol zelaian Getxoko Arenasen aurka eta 0 eta 1-eko emaitzarekin amaitu zuten.
Partida eskasa jolastu zuten bi taldeek. Gol aukera gutxi egon zen lehen zati osoan zehar baina kanpotarrek, azken unean, aukera horietako bat gauzatzea lortu zuten, gerora nahikoa izango zitzaiena hiru puntuak eskuratzeko.
Bigarren zatian, saiatu zen etxeko taldea berdinketa lortzen baina Arenasekoak atzean ongi kokatuak zeuden eta errentari eustea lortu zuten.
Emaitza honek ez die batere lagundu azpeitiarrei eta egoerak larria izaten jarraitzen du, nahiz eta oraindik partida asko falta diren jokatzeko. Sailkapen nagusian, azken laugarren doaz, azken hirugarrenarekin berdindurik. Azken hirurak jaitsiko dira mailaz datorren denboraldirako, beraz, estu dabil Lagun Onak taldea.
Lagun Onakek jokalari hauek erabili zituen igandean: Unai (Tejera); La Calle, Tena, Saizar, Sarriegi, Davitxi, Aranburu, Gurutz, Sagarzazu, Antzi (Aaron) eta Antton (Andoni).
Nesken taldea
Lagun Onak Futbol Taldeko nesken taldeak erraz irabazi zuen Eibarko Urkiren aurkako partida. Azpeitiarrak 10 eta 0 nagusitu zitzaizkien eta lehen postuan gelditu dira. Hamabost egun barru igoera fasea jokatzen hasiko dira.