Martxoaren 20an mobiliza zaitez! Irak eta Palestinaren okupazioaren aurkako nazioarteko mobilizazioa

Urola Kostako ELA 2004ko mar. 18a, 18:03

  • Manifestazioa antolatu dute Donostian okupazioa gaitzesteko
  • Deialdiarekin bat egin dute ELA, LAB, ESK; EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek

ELA Sindikatuak, bihar Donostian, arratsaldeko bostetan Boulevard-etik irtenda Irak eta Palestinaren okupazioaren aurkako manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditu eskualdeko afiliatu eta langile guztiak.

Izan ere urtebete da Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko tropak indarrez sartu zirela Iraken, otsailaren 15ean mundu osoan gerraren aurka eta "nazioarteko gatazken irtenbide politiko eta demokratikoa" aldarrikatzeko egin ziren mobilizazio ugariei jaramonik egin gabe.

Mobilizazio hau Mumbain egin zen Munduko Gizarte Foroan elkartu ziren Gizarte Mugimenduen Sareak mundu mailan antolatu duen mobilizazio deia da eta Euskal Herrian bat egin dugu deialdiarekin ELA, LAB, ESK, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuak beste mugimendu sozial askorekin batera.

Gerrek eta okupazioek sortzen dituzten ondorio latzak Iraken eta Palestinan ez ezik lehengo asteko Madrilgo sarraskiarekin agerian gelditu da edonon pairatzen direla eta beraz desagerrarazi egin behar ditugu. Horretarako martxoaren 20ko mobilizazioekin Iraken eta Palestinan dauden okupazio taldeek bertatik berehala alde egin, okupatutako herrien subiranotasuna berrezarri eta gatazkak bide politiko, demokratiko eta baketsuez konpon ditzaten exijitu nahi dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide