HUHEZIk Informazioa eta Komunikazioa eskainiko du

Joxe Aranzabal. HUHEZI 2004ko mar. 23a, 17:03

  • Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eskainiko ditu ikasketa berriak: Informazioa eta Komunikazioa.
  • Urolaldeko gazteek kontuan hartzeko aukera bat da, ikasketa hauek egiteko ezinbestekoa izango da-eta euskara jakitea.

Mondragon Unibertsitateak betidanik izan ditu Urolaldeko ikasleak, hasieran Eskola Politeknikoan, eta gero baita beste fakultateetan ere, bereziki Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, HUHEZIn. Datorren ikasturtetik aurrera, berriz, gazte gehiago etor daitezke, ikasketa berriak erakarrita. Izan ere, azken urteotan euskarazko komunikazioak sekulako loratzea bizi izan du Azpeitian eta honen inguruan, Uztarriak berak frogatzen duen bezala.

Informazioa eta Komunikazioa

Mondragon Unibertsitateak ulertzen du gero eta garrantzitsuagoa dela informazio eta komunikazio arloa, gure gizarteak profesional balioaniztunak behar baititu, gai izango direnak errealitatea ulertzeko, eta hortik era guztietako komunikazio edukiak sortu eta kudeatzeko. HUHEZIren ikasketa eskaintzak horrelako profesionalak sortu nahi ditu, irekiak hainbat gunetara: idatzizko nahiz ikus-entzunezko hedabideetara, enpresen nahiz erakundeen komunikaziora, edo Internetek sortzen dituen aukera berrietara.

Komunikatzailearen ezaugarri profesionalak

Ikasketa hauen bidez, HUHEZIk prestatu nahi ditu komunikatzaileak, eta hauek gai izango dira honako lanok egiteko, ikasketak amaitutakoan:

  • Komunikatzaile idatzizko hedabideetan, handi nahiz txikietan.
  • Komunikatzaile ikus-entzunezko hedabideetan, handi nahiz txikietan.
  • Sortzaile komunikazio ekoiztetxeetan.
  • Komunikazio kudeatzaile enpresetan, barne eta kanpo komunikazioa lantzen.
  • Komunikazio kudeatzaile gizarte erakundeetan.
  • Sortzaile eta kudeatzaile Interneten.

Ikasketa plana

Lizentzia honek erantzuten dio lan esparru zabal bati. Horregatik helburu orokor bat du: trebatzea komunikatzaile balioanizdunak. Hori dela eta, ikasketa planak hiru helburu izango ditu:

  • Trebatzea ikasleak, komunikatzeko gai izan daitezen, bai ahoz eta baita idatziz ere.
  • Prestatzea profesional trebatuak, eta teknika aldetik jantziak.
  • Lantzea prestakuntza humanistiko panoramikoa, eta horrela osatu ikuspegi bat giza zientziei eta gizarteari lotua.

Planteamendu honetan, garrantzi handia izango dute ikasleen Praktikek eta Karrera Amaierako Proiektuek, hauek emango dietelako ikasleei lan esperientzia, ikasketak egiteaz batera.

Ikus-entzunezko Komunikazioa

Informazioa eta Komunikazioa egiten ari den ikasleak aukera izan lezake, hirugarren urtean, aukeratzeko bigarren zikloan (3. eta 4. mailan) Ikus-entzunezko Komunikazioa lizentzia. Karrera honek espezializazio sakonagoa bilatzen du, telebista, irrati eta ekoiztetxeekin harreman estuan.

Informazioa eta Komunikazioa ikasiz gero, ikasleak lortuko du titulu bat Giza Zientzietan, komunikazio ibilbidean; eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eginez gero, berriz, eskuratuko du lizentzia Ikus-entzunezko komunikazioan.

Ikasleren batek biak egin nahi balitu, aukera izango luke titulu biak lortzeko, urte bat gehiago eginda.

Oinarri sendoak

Ikasketa hauek oinarri sendoa izango dute HUHEZIn:

  • Hedabide askoren partaidetza. Euskal Herrian lanea diharduten hedabide asko eta asko gertu azaldu dira elkarlana sustatzeko ikasketa berrien inguruan.
  • HUHEZIren programa, Praktikak eta Karrera Amaierako Proiektuak eskaintzeko, beti ere inguruko enpresekin elkarlanean.
  • Urteetako eskarmentua Giza Zientzien eta Hizkuntzen prestakuntzan.

Eskaintza hau bete-betean kokatzen da HUHEZIren ezaugarrietan: euskaraz bizi gara, eta ikasketak eleanitzak dira (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), euskaratik abiatuta; kooperatiba gisa; nazioarteari irekita; eta gertuko harremana zaintzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide