Juan Carlos Irizar oñatiarrak kaleratu duen azken diskoan Euskal Herriko mendizaleak omentzen dira. Disko honekin mendizaleei merezitako omenaldia egin nahi izan die; bai bizi direnei eta bai hil direnei ere. Kantuetan zehar Azpeitiko zenbait mendizale aipatzen dira, hala nola, Joxe Urbieta "Takolo" eta Pumorin hil ziren gazteak, "Beñat Arrue":http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2001/23/001_zentrala/iban eta Iñaki Aiertza.
*Mendiak-Montañas* izenburua duen lan hau, Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu zen, asteazkenean. Hainbat mendizale gerturatu ziren bertara, Benantxio Irureta tartean, eta baita gure artean ez dauden hainbat mendizaleren senideak ere. Han ziren Ramon Agirre Marron, Rikardo Otegi, Antxon Bandres Euskal Mendi Federazioko lehendakaria, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban eta Josune Bereziartua. Azken hiru hauei kanta bana zuzendu die Irizarrek, Juanito, k-2 eta 9a, hurrenez hurren.
Aipamen bereziak
Hiru mendizale hauen aipamenez gain, hilik diren mendizaleak ere gogoan izan ditu diskoan zehar; Xebe Peña, Antton Ibarguren, Felix Iñurrategi, Takolo eta Pumorin hildako bost gazteak -Mieltxo Aiertzaren 3 bertso sartu ditu kanta honetan- aipatzen ditu besteak beste.
Diskoa horrelako jendeari eskaintzeak ilusio handia egiten diola esan zuen Irizarrek, "nahiz eta batzuk ez ezagutu; ez eta aipatu ditudan zenbait mendi ere".
Informazio gehiago Garan aurki dezakezu.