Igandean, urtegien inguruan argazki rallya egingo da

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 2a, 18:04

Ibai Eder eta Arriaran urtegien artean egingo da argazki rallya (Nerea Uranga)
  • Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen du rallya, eta nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izango du
  • Euskal Herri osoan egiten diren argazki rallyen artean bigarren zaharrena da

Apirilaren 4an, etzi, egingo da Urola Bailarako XXVII Argazki Rallya. Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu du, eta elkartearen egoitzatik abiatu eta Nuarbeko Ibai Eder eta Beasaingo Arriaran urtegien arteko ibilbidean egingo da.

Igandean egingo duen eguraldiaren araberako parte hartzea izango da. Hala dio, behintzat, Joxe Ramon LarraƱaga Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakariak. "50-60 lagun artean izaten da, baina eguraldiak zeresan handia izaten du. Hala ere, ez dago eguraldi txar-txarra iragarrita iganderako". Dena den, ehun pertsonako partaidetzaren muga jartzen da rally guztietan. "Aurrez, Argazki Elkartean material guztia prestatuta behar izaten dugu, eta inoiz ehunera iritsi ez bagara ere, horrenbestentzako materiala prestatzen dugu".

Mandubiko Bentan, bi urtegien artean, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia hartuko dute argazkilariek eta handik aurrera, Rallyari jarraipena bi ibilbidetatik egiteko aukera izango dute: Garin aldetik edota ohiko errepidetik. Hala ere, rallyan jarritako gaien inguruko argazkiak derrigor atera beharko dituzte.

Hiru lehiaketa

Euskal Herri osoan egiten diren argazki rallyen artean bigarren zaharrena da; urte gehien, Donostiako Argazki Elkarteak antolatzen duen beste rally batek baititu. "Azpeitiko Argazki Elkartekoek ohore hori daukagu. Gainera urtean zehar hiru argazki rally antolatzen ditugu: udaberrikoa, udazkenekoa eta iaz, udan, berri bat ere egin genuen, 12x12 argazki lehiaketa", dio LarraƱagak.

Ea bada eguraldia lagun, argazki ederrak ateratzeko aukera duten argazkizaleek.

OINARRIAK

Parte hartzea. Nahi duenak parte hartu dezake. Izen ematea. Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. 08:30etik 9:30era bitartean. Zenbatekoa. Nagusiek, 10 euro eta 16 urtetik beherakoek, 6 euro. Trukean denek, 36 erroiloa eta hamaiketakorako txartela jasoko dute. Rallya bukatu ostean bazkari bat antolatuta dago.

Ibilbidea. Azpeitia inguruko urtegietako ibilbidea.

Gaiak. Sei gai izango dira eta irteeran ezagutaraziko dira.

Sariak.

Nagusien mailan: bilduma onenak 120 euro eta Azpeitiko harmarria; bigarren bilduma onenak, 90 euro eta garaikurra; hirugarren bilduma onena, 60 euro eta garaikurra.

Sari bereziak garaikurra jasoko dute: Argazki onenari, fototekako argazki onenari eta herriko lehen sailkatua eta ez saritua.

Gaztetxoetan: hiru bilduma onenei garaikur bana emango zaie.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide