Xarlo Etxezaharretari ongi etorria larunbat honetan egingo diote Hazparnen, Eliza plazan, 12:00etan. 60.000 euroko bermea ordaindu ondoren geratu da aske, eta bart Soto del Real espetxetik atera zen hazpandarra dagoeneko etxean da. "Oso pozik nago, maite dudan jendeaz inguratuta. Baina, era berean, hautsia dut bihotza, barruan lagun asko utzi ditudalako, jende zoragarria. Egia esan, bigarren familia dut barruan", esan zion Gara
egunkariari.
"Ez dakit zergatik kartzeleratu ninduten, ezta besteak ere. Oraingo autoan bertan inolako deliturik egin ez dudala aitortzen da. Dena dela, egoera berean daude beste ehunka lagun", zioen. "Gainera, kartzelan egoera oso gogorra da, eta lan egin behar da haiek ateratzeko".
Etxezaharreta, Azpeitiarekin senidetuta dagoen Hazparne herriko bizilaguna eta ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzako kidea, Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten, erakundea sustatu eta Ipar Euskal Herrian indartzeko ardura egotzita. Iazko irailaren 28an atxilotu zuen Espainiako Poliziak AbadiƱon (Bizkaia), Askapenako ekitaldi batetik atera zenean.
Orain Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 60.000 euroko fidantzapeko askatasuna eskatu du. Etxezaharretaren senitartekoek bildu dute diru hori, baina haiek esan dutenez, ez da erraza. "Lehen aldia da Ipar Euskal Herrian Espainiako epaile batek ezarritako fidantza ordaindu behar izatea, eta diru bilketa egin eta ordainketa bideratzeko urratsak oso nahasiak dira".
Azken hauteskundeetan hautagai
Etxezaharreta, preso egon arren, Frantziako Estatuan izan diren kantonamenduetako hauteskundeetan Hazparnekoan hautagai izan da, Atzina Segi plataforman, "Hazparneko abertzaleek egokiena zela erabakita". Kantonamendu osoan, lehen itzulian, 222 boz lortu zituen (%4,48); Hazparnen bertan 144.