Eusko Trenek, bihar, jarriko du martxan 2004ko lurrinezko trenen zerbitzua; Burnibidearen Euskal Museoak kudeatzen du, Museoaren Adiskideen elkartearekin elkarlanean. Lurrin trenak, beste urtetan bezalaxe, Azpeitiko Museotik abiatu eta Lasao arteko joan etorria egingo du asteburuetan eta urriaren 31 arte.
Euskal Herrian martxan dagoen lurrin makina bakarra da Azpeitiko museokoa. "Espainiako estatuan lurrin makinekin ibiltzen diren makina bakarrik dira museoan dauzkagunak; berrienak, Euskadi lokomotoreak 85 urte ditu. Benetako tren historikoa da, ikatzarekin eta lehengo eran funtzionatzen duena", dio Juanjo Olaizola Tren Museoko zuzendariak.
Aste Santuan lurrin trenaren zerbitzua areagotu egingo da, bidaiak goiz eta arratsaldez egiteko aukera eskainiz. Izan ere, Euskal Herritik kanpoko jende asko hurbiltzen baita egunotan museora: "Aurreko urteetan behintzat, Aste Santuan Kataluniako, Madrileko eta Zaragozako jendea etorri zen", dio Olaizolak.
Museoko gainontzeko erakusketak eta instalakuntzak ikusteko aukera ere badago egun hauetan 10:30etik 14:00-etara eta 16:00etatik 19:30era. Museoan, gaur egun trenbideetako janzkera ezberdinen eta erlojuen erakusketak daude. Eta burnibideen inguruko liburutegia ere badago, baina han kontsultak egiteko aldez aurretik ordua hartu behar da.
Edozein egunetan trenen zerbitzu berezia kontratatzeko aukera ere eskaintzen da; 300 eurotik aurrerako kostuarekin. Hain justu, apirilaren 30an ingeles batzuk etorriko dira bisitan, eta museoan dauden jatorri ingeleseko makinak haientzat martxan jarriko dira.
Gero eta bisitari gehiago
Iaz, Burdinbidearen Euskal Museoak inoiz baino bisitari gehiago izan zuen, eta lurrin trenean 31.264 pertsonak egin zuten museoa eta Lasao arteko ibilbidea. Egunero, bataz beste, 93,7 pertsona eraman zituen trenak. 2002. urteko kopurua (26.652 pertsona) %17,3an gainditu egin zen. Olaizolaren ustez "poliki-poliki" jendea museoaren berri jakiten ari da.
Ordutegia
Azpeitiko Trenaren Euskal Museoan bihartik eta urriaren 31 arte asteburuetan lurrin trenean bidaiak egiteko aukera dago.
Asteburuetan
Larunbatetan. 12:30ean eta 18:00etan. Igandetan. 12:30ean.
Aste Santuan
Ostegun Santuan. 12:30ean eta 18:00etan.
Ostiral Santuan. 12:30ean eta 18:00etan.
Larunbatean. 12:30ean eta 18:00etan.
Igandean. 12:30ean.
Pazko astelehenean. 12:30ean eta 18:00etan.