Kartzela zigorrik ez

Urola-kostako hitza 2004ko api. 20a, 12:04

  • Iñaki Azkueri lau mila euroko isuna eta sei urteko inhabilitazioa eskatu diote
  • 2001eko martxoaren 17an, atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, Haikako kideen atxiloketaren aurka protesta egiteko egin zen manifestazioaren ondoren izandako istiluak zirela eta

Iñaki Azkue gazte azpeitiarra, atzo goizean epaitu zuten Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jesus Alonso fiskalak Azkuek bi urteko kartzela zigorra betetzea eskatzen zuen, baina atzo, epaiketa hasi aurretik Azkueren abokatua akordiora heldu zen Alonso fiskalarekin. Ondorioz, Azkuek 4.380 euroko isuna eta sei urteko erabateko inhabilitazio zigorra bete beharko du. Atzo horretan gelditu ziren, baina Azkueren esanetan "behin behineko epaia hamar egun barru jasoko dut".

Akordioarekin gustura

Madriletik, epaiketa izan ostean, autoz, lagun eta senideekin etxerako bueltan zela "gustura" agertu zen Azkue. "Epaiketak okerrago joteko modua bazuen, fiskalak bi urteko kartzela zigorra eskatzen baitzuen niretzat. Baina ondo joan da dena eta ni pozik nago. Orain arte bezalaxe epaitegira joan beharko dut sinatzera, ezingo dut bozkatu eta abar. Baina historia guztia gaur (atzo) ondo joan da. Aurretik kontua erdi lotuta eraman du abokatuak" zioen.

Azkue, orain dela hiru urte, 2001eko martxoaren 17an, atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, Haikako kideen atxiloketaren aurka (tartean Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra atxilotu zuten eta oraindik epaiketarik gabe kartzelan dago) protesta egiteko egin zen manifestazioaren ondoren izandako istiluak zirela eta. Deustuko komisaldegian eduki zuten atxilotuta. Bi urteko kartzela zigorra eskatzeko, bi ertzainen aurkako atentatu saiakera egin izana eta gai leherkariak edukitzea leporatzen zion fiskalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide