Mikel Labaka Murtzian bizi da. Futbolak eraman du hiri horretara, Murtzia Hiria taldean baitabil denboraldi honetan. Gorabehera handiko denboraldia egiten ari dira, talde barruan batik bat, bi aldiz aldatu baitute entrenatzailez. Realak utzita dago han.
Talde berria eta Euskal Herritik kanpo. Zer moduz bizitza berriarekin?
Hasieran aldaketa handia eta gogorra izan zen, lehenengo aldia bainuen etxetik kanpora joaten nintzela. Hala ere, euskal jokalari gehiago ere badaude taldean eta nahiko ongi moldatu naiz.
Denboraldi hasieran lesio handia izan duzu (barruko aldameneko lotailua eta meniskoa hautsi zituen). Nola bizi izan zenuen?
Hasieran gogorra izan zen. Urte osoa galduko nuela esan zidatenean... baina gero ikusi zen bi hilabete nahikoa izango nituela osatzeko eta hobeto. Zorte handia izan nuen.
Lesioa izan aurretik jokatzen ari zinen. Ondoren, aulkian ere egon behar izan duzu. Orain berriz ere hasieratik zabiltza jokatzen. Nola izan da hori?
Lillorekin lesio aurretik eta lesio ondoren jokatu nuen. Gero bidali egin zuten eta entrenatzaile berriarekin hasieran aulkian egotea tokatu zitzaidan. Azkenaldian berriro hasi naiz jokatzen baina atzo entrenatzailea bidali egin zuten. Orain Fernando Zambrano ekarri dute.
Igande honetan jokatuko al duzu Eibarren?
Ez dakit. Juanjo Enriquezek (bidali berri duten entrenatzaileak) jokatuko nuela esan zidan baina orain entrenatzaile berria daukagunez, ez dakit zer gertatuko den.
Bi entrenatzaile aldaketa izan dituzue, beraz. Nola eragin dizu horrek?
Lillorekin harreman ona genuen jokalari guztiok. Bidali zutenean ustekabe handia izan zen, sailkapenean gaizki ez geundelako. Lillok asko daki eta dakiena transmititzen ere badaki; oso gustura nengoen. Orain berriz ere aldaketa izan dugu baina aurrera jarraitu behar dugu. Adituek diotenez, bi partida irabaztea nahikoa ditugu salbatzeko, eta zortzi falta dira. Horri heldu behar diogu.
Aste honetan, Eibarren aurka jokatuko duzue, hemen Euskal Herrian. Ikusleen artean lagunak ere izango dituzu. Urduri al zaude?
Urduri ez. Gogoz nago, denbora asko da etxe aldera gerturatu ez naizela. Berezia izango da, Eibarren aurka eta etxetik gertu izango delako. Baina guztia alde batera utzi eta partidan zentratu behar dut hiru puntuak eskuratzeko.
Etxe ondora zatoz, baina etxera etortzeko aukerarik izango al duzu?
Ez dakit. Lehengo entrenatzailearekin hitz egin nuen eta astelehena arte-edo bertan gelditzeko baimena eskatu, baina orain entrenatzaile berria dugunez, ez dakit ahal izango dudan.
Ekainaren 30ean amaituko zaizu Realarekin duzun kontratua. Denboraldi honetan Murtzia Hirian taldean zabiltza utzita. Zer dakizu zure etorkizunari buruz?
Oraindik ez dakit ezer ere. Lehengo urteko esperientziaren arabera, bukaerara arte ez dut ezer jakingo, lehengo urtean ere azkenego egunetan esan baitzidaten. Ekainaren 30a arteko epea izanik, ordura arte zain egon besterik ez dut.