Berastegi baserriko gazta txapeldun

Uztarria.eus 2004ko api. 30a, 20:04

  • "Villa de Bilbao" lehiaketan lehen saria lortu zuten
  • Urtean 7000 gazta inguru egiten dituzte; etiketa zuria, berdea edo beltza dutenak

Larunbatean "Villa de Bilbao" gazta lehiaketa izan zen Bilbon eta Azpeitiko Berastegi baserriko gaztak irabazi zuen lehen saria. Xoxote izenez bataiatua dute gazta.

Urtean 7000 inguru gazta egiten dituzte Ezenarro-Alberdi familiakoek. Esnea baserrian dituzten 600 inguru arditatik ateratzen dute, latza arrazako ardiak dira bertan dituztenak.

Idiazabal jatorria dute Xoxoteko gazta hauek. Duela 10 urtetik dute zigilu hau, nahiz eta eurek aspaldiko ohitura duten gazta egitearena. Gaztaien artean, hiru mota bereizten dituzte, Berastegi baserrikoek. "Gazta zuria, etiketa berdeduna eta etiketa beltza duena. Azken ikur hau eramaten dute gaztarik onenek", dio Pili Ezenarrok, baserriko alabak.

Ez dute gazta merkatuetan saltzeko ohiturarik, "ez Azpeitian ez eta inguruko merkatuetan ere". Ezenarrren esanetan, "etxean eta Xoxoten dugun txabolan saltzen dugu. Herriko jendea etxera etorri ohi zaigu gazta erostera". Hala ere, Xoxoteko gazta zenbait jatetxe, harategi eta sagardotegietan aurkitzeko aukera ere badago, izan ere, ohiko bezeroak baitituzte batzuk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide