Italiako Giroan izango da Andoni Aranaga; Peña aterako diote

Uztarria.eus 2004ko mai. 4a, 20:05

  • Bihar abiatuko da Italiara larunbatean hasiko den itzulian parte hartzeko
  • Peña berriak ateak zabalik ditu izena eman nahi duten guztientzat

Andoni Aranaga txirrindulari azpeitiarrak, profesionaletako lehenengo urtean, lasterketa handi batean parte hartzea zer den ezagutuko du. Hain zuzen ere, Chocolade Jaques bere taldeak, lehengo astean baieztatu zuen azpeitiarrak parte hartuko zuela Italiako Giroan. Azpeititik ere albiste ederra jaso du; Peña bat aterako diote.

Denboraldi txukuna egiten ari da Aranaga. Egun Belgikan dago taldearekin bilduta, Romandieko itzulia amaitu berritan. "Nahiko gustura nago egindakoarekin, Euskal Herriko itzulian egindakoarekin baino gusturago". Bihar bertan berriz, Italiara abiatuko da larunbatean hasiko den Giroan parte hartzeko.

Aranaga ilusioz dago erronka berri honen aurrean: "Hirugarren itzuli gogorrena da eta badakit gogorra izango dela, baina ilusioz nago". Azpeitiarraren helburua, "mendi etapetan ahal den indar gehienekin amaitu eta beste etapetako batean ihesaldi batean sartzea da".

Giroan izango delako duen ilusioaz gain, badu beste ilusio txiki bat ere. Urrestilla eta Azpeitiko lagun eta jarraitzaileek Peña bat aterako diote. "Ondo dago, ilusioa egiten dizu jendea zutaz gogoratzen dela jakiteak" aipatu du hau jakitean. Bestetik, etxera itzultzeko duen gogoa ere adierazi digu "kristoren gogoa" duela esanaz.

Peña

Aranagaren jarraitzaile eta koadrila talde baten asmoa izan da Peña ateratzea. Azpeitiko eta Urrestillako jendea ari da izena ematen; gutxi gorabehera, 50 lagunek eman dute izena gaur arte baina oraindik atea zabalik dute.

Alex Aranaga da Peñako kide bat. "Giroa telebistaz jarraituko dugu, nahiz eta gure lanorduetan izansaiatuko gara etapa grabatzen gero ikusteko. Baina hemen inguruko lasterketa batean parte hartzen duenean han izateko asmoa dugu" esan du Alex Aranagak. Oraingoz Peñako kide izan nahi dutenen izenak jasotzen ari dira, gero bildu eta aurrerantzean zer egin erabakiko dute.

Peñak telefono zenbaki bat jarri du, 943 81 57 54, izena eman nahi duten guztientzako.

Herrian txirrindulari profesional baten alde sortzen den bigarren zaletu taldea izango da Aranagarena. Albizuk ere badu bere zaletu taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide