Guardia Zibila diru eske Azpeitiko enpresetan

Uztarria.eus 2004ko mai. 5a, 18:05

  • Euren aldizkarirako publizitatea eskaintzen eta "kolaborazioa" eskatzen dabiltza
  • Orain dela lau urte ere ibili ziren

Guardia zibilak euren aldizkarirako publizitate eskaintzak egiten ari dira Azpeitiko enpresetan. "Kolaboratzaile" izateko eskaintza ere egin dute. Uztarriak jakin duenez, orain dela aste batzuk hasi ziren deika, telefonoz, Guardia Zibilaren izenean.

Ez da Azpeitian dirua eskatu duen lehen aldia. Duela lau urte, 2000. urteko urtarrilean, orduko Uztarria aldizkariak jaso zuen bezala, Pastorkua Erretegiaren publizitatea sartu zuten guardia zibilek Mando aldizkarian.

Dena dela, orduan Osasuna eta Kontsumokoen izenean deitu zien ea publizitatea sartu nahi zuten galdetuz, eta Erretegikoek baiezkoa eman zien haiei. Hala ere, handik denbora gutxira Pastorkuanekoei etxera iritsi zitzaien Mando aldizkaria eta zur eta lur gelditu ziren euren izena irakurtzean. 40.600 pezeta kobratuak zizkieten, gainera, baina Pastorkuanekoek errekuperatu egin zuten dirua, banketxera joanda. Orduan Euskal Herrian beste 85 kasu gertatu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide