Aitor Gorrotxategi

uztarria.com1 2004ko mai. 5a, 20:00

Aitor Gorrotxategi
Kultur gunea puri-purian dagoen gaia dugu herrian. Duela gutxi, Udalak, bilera antolatu zuen gai honen inguruan mintzatzeko. Soreasu Antzokia izan daiteke Kultur, gazte eta antzoki gune berria. Horregatik, Aitor Gorrotxategi, kultura eta gazteria zinegotzia gonbidatu dugu, datorren asteazkenean zuen galderei erantzuteko.

1. Etzaizu iruditzen lotsagarria Azpeiti bezalako herri batean zinerik ez egotea? Ze plan daukazue honen inguruan? Izan ere hainbeste kontu entzuten dira...
zine zaletu bat

Bai. Arrazoi osoa duzu, uste dut gure herriak zinema noble bat eta zerbait gehiago merezi duela eta momentu honetan horretan gabiltza burubelarri.
Zineari antzerkia ere gehituko nioke, uste dut gure herritarrek badutela antzerki zaletasuna beraz dena antzoki batean borobilduko nuke nik.
Gaur egun konpetentzi handia dago zinemekin baina uste dut antzoki batek aberastasuna eman eta uzten diola herriari.

2. Zer esan nahi duzue Soreasu egiteko eta haren funtzionamenduan taldeekin kontatuko duzuela esaten duzuenean?
Jon

Badakit nahiko kontzeptu zabalak direla baina nik beti esan dut horrelako proiektuetan bertan jardungo dutenen edo bera erabiliko dutenen parte hartzea ezinbestekoa dela.
Hala ere errezena eraikuntzaren formatuan asmatzea izango da ;zailena berriz, bertako funtzionamendu eta gestio eredu egokienak asmatzea.
Horretan iruditzen zait guztion iritziak entzutea eta ahal den ondorio egokienetara iristea lortu behar dugula.

3. Gazteok herriko parte bat garenez, nolatan ez daukagu gure gune propioa izateko eskubiderik? Zergatik utzi izan du udalak gai hau alde batera herrian gaztetxe eske ari garenoi entzungor eginez? Zer iritzi duzu edo zer egitea pentsatzen duzu kartzelara joateko arriskuan dauden gazte hoiekiko?
Xabier Zabala

Arrazoia duzu gazteok herriko parte garela esatean zeren ni ere oraindik gaztea kontsideratzen naiz beraz taldeko partaide sentitzen naiz. Urte askotan errebindikatu da gazteentzako gune bat eta ados nago herriko gazte guztiek beraien aisialdi eta ekintzetarako espazio edo guneak behar dituztela.
Horregatik eta nire departamenduak bi sailak hartzen dituenez, kultura eta gaztedia, bi alorrak merezi dutela erantzun egoki bat pentsatzen dut eta nire esfortzuak edo gure esfortzuek erantzun egoki bat bilatzera bideratu behar ditugu.

4. Herriko bederatzi gazte gartzela arriskuan daude. Gertaerak eman zirenean zu zinegotzia zinen, eta udal gobernu taldeak izugarriak eta bi esan zituen gazteon aurka. Gero etorri dira gerokoak. Nola bizi duzu egoera?
Ion Etxaniz

Esan bezala ni zinegotzia nintzen momentu horretan eta gertaturikoa leku berberean ikusi nuen nahiz eta iskanbila barruan ez egon. Ondorengoa bizi izan dut eta pentsatzen dut bi bertsioak entzun behar direla juzgo bat egiteko.
Agian arrazoiak egongo ziren gertaturikoa justifikatzeko baina iruditzen zait horrelako gatazkak edo egoerak beste era batzuetan konpondu behar direla.

5. Gazte Lokalaren kasuan probisionaltasuna eskatu da behin eta berriz. Ba al dago aukerarik? Ez al da gehiegizkoa hemendik bost urterako planteamentua?
Ion Lazkano

Probisionaltasunarena aztertzen ari gara. Leku ezberdinak ikus ditzakegu konpartitzeko nahiz probisionalki gazteentzat jartzeko. Hala eta guztiz ere nire nahia gazteekin hitzeginez eta guk izan ditzakegun planteamenduak adieraziz leku hori topatzea da.
Hala eta guztiz ere guztiok izan beharko dugu pazientzia pixkat eta elkar ulertuz eta hitz eginez seguruenik ondorio berdin edo antzekoetara iritsiko gara.

6. Aspaldi hasi ziren herrian gazte lokalaren aldeko aldarrikapenarekin. Lan asko egin da honen inguruan gazteen aldetik, gutxi udalaren aldetik. Ez al zaizu iruditzen udalak utzikeria nabarmena erakutsi duela gai honen inguruan?
Mikel Agirre

Ez naiz hasiko neure buruari harriak botatzen. Agian sektore hau ez da izan onura gehien jaso duena, baina bueno, pentsatzen dut hemendik aurrera beste bide eta estrategia batzuekin lortu beharko dugula esparru hau indartzea. Nire iritziz herri honen etorkizuna gazteek bideratu eta markatu behar dute.

7. Herriko gazteak oraindik lokalik gabe daude. Entzun dut probisionalki lokal bat ematen ez bazaie, berriz okupazioaren bidea soilik geldituko zaiela. Orain dela bi urte ertzaintzak bidali zituen gazteak, berdina gertatuko al litzateke orain? Ez al da logikoa udalak behin eta berriz ukatu diena beraiek hartzea?
Xabier Lizardi

Nire ustez okupazioa ez da biderik egokiena, nahiago dut mahai batetan eseri eta hitz egitea konponbide batetara iristeko. Badakit hori ere ukatu egin dugula esango duzuela baina benetan diot eseri eta hitz egiteko prest gaudela.

8. Gazteria saileko lehendakari bezala, izan al duzu harremanik gazte lokalaren auziagatik gartzela arriskuan dauden bederatzi gazteekin? Nola bizi duzu egoera?
Inaki Alberdi

Egia esatea nahi baduzue ez naiz egon beraietako inorekin, audientziak harturiko erabakiarekin ez nago ados karguak kendu egin baitziren.

9. Herriko bederatzi gazte epaitegietan dabiltza orain dela bi urteko kontu hura dela eta. Ez al litzateke udalaren aldetik aurrerapausuzko keinu bat izango, gazte lokalaren arazoa lehenbailen konpontzea?
Iosu Elortza

Horretan dihardugu eta ahal bezain laister erantzun bat ematea espero dut bai probisionaltasun mailan eta bai etorkizunean izango dugun soreasu gunearen inguruan.

10. Kultur-etxie noizko?,zezen plaza azpian museo bat dago zezenketan zaleentzako, festatan "la casa por la ventana" botatzen dezute, bai programakin eta abar, hortarako dirua badezute,zuk adibidez bigarren legizlaturie dezu hau, ez zaizu iruditzen beste hainbat gauzan baino prioridade gehio duela kultur-etxiek?
Miren

Hainbat aspektutan ados nago zurekin. Duela hiru urte aukera izan nuen kultura saila hartzeko, errepikatzeko aukera eman zidatenean berriro kultura aukeratu nuen lan asko zegoela egiteko iruditzen zitzaidalako. Departamendu hau asko gustatzen zait eta uste dut gure herrian kultur dinamika polita dagoela baina guzti hau gauzatzeko gunea falta zaigu eta hori egitea lortu behar dugu guztion artean.
Gure programan badu lehentasuna kultura eta gazteentzako guneak.

11. Badirudi arazoari aurre egiteko asmoa dagoela eta eskertzekoa da. Zer nola ikusten da taldeon hartetik jaso duzuen iritzia, inoiz jarriko gara kultura aldetik adostasun batera, ez zaigu gustatzen bakoitzak geure ekintzei aurre egin eta besteek berea egin dezaten utzi. Konplikatua izan daiteke baina...
juankar

Aurrekoan aipatu bezala kultur aldetik nahiko herri dinamikoa iruditzen zait, orain dinamika hau gune batetan egiteko aukera jartzen badugu taldeen arteko harremanak sendotu egingo direla iruditzen zait eta agian elkarren berri sekula izan ez duten hainbat talde ekintza bateratuak egiten hasiko dira. Adostasun ezak izango ditugu baina hitz eginez eta elkarri lagunduz programa bateratuak egiten saiatu behar dugu.

12. Zure ardurak betetzeko prestatua zaudela iruditzen al zaizu? Hau da, azpeitiko gazteria behar bezala ezagutzen edo ulertzen duzula uste al duzu?
azpeitiar gazte bat

Ez dakit prestatua nagoen ala ez. Dakidan gauza da alor hauek asko gustatzen zaizkidala eta herritar bezala hutsuneak ikus edo hatzeman ditzaket, horrek ez du esan nahi arazo eta hutsune guztietaz jabetzen naizenik baina guztiei entzuteko prest nago.

13. Jakingo duzunez herrian badira zenbait gazte kartzelara joateko arriskuan direnak aurreko legegintzaldiko alkatea eta zinegotzi batzurekin izandako liskarrengatik. Egoera horretaraino heltzeko, udalak gazteen afera nahita urtetan usteltzen utzi izana dago arrazoien artean. Zuek duzuen ardura ikusirik, ba al duzue gai honen inguruan zerbait egiteko asmorik? ze laguntza mota eskaini diezue gazte hauei?
Mikel Uralde

Uste dut arazo hauei irtenbidea emateko ahaleginak egin behar ditugula baina legegintza berri honetan jende ezberdina gaude eta iritzi ezberdin asko sor daitezke gure artean ere.

14. Azpeitiko egoera aztertzeko zergatik eta nola aukeratu duzue kanpoko enpresa bat datuak biltzeko? Azpeitiko udalak ez al du horretarainoko gaitasunik?
Eneko Martinez

Kanpoko enpresa hau ez da datuak biltzeko, bere lana guk urte hauetan jasoriko datu eta informazio guztiak positibizatzean datza, hau da, informazio guztia koktelera batean sartu eta guztiontzat egokia izan daitekeen zerbait osatzean eta sortzean datza.
Bere lana informazio guzti honekin eta Udalak bere partetik eguneratu beharko duenarekin hasierako diseinu bat eta eraikuntzaren finantzaketa plan bat garatzea izango da.

15. Zergatik unibertsitatean ikasketak egiten ari diren herriko gazteak azterketak prestatzeko garaian edo eta egunero estudiatzeko ez dute txokorik Azpeitian eta Loyolara joan behar izaten dute prestaketa oiek egitera aukerak edukita Azpeitian? adibidez zertarako dago bazozabal etxea urteak joan eta etorri eta ezertarako erabili gabe gure gazteak ez dute merezi txoko erakargarribat ondo prestatutakoa beren ikasketako lanak egin dezaten etxetik kanpora eta ez erantzun esanez or dutela Enparan dorretxekoa zeren eta orrek ez du balio
milagros elias olazabal

Lehenik eta behin Soreasu konfiguratuko dugu, ikusi egin behar gune honek zenbateraino ematen digun, baina garbi dago gune hau ez dela izango estatikoa, hala espero dut behintzat.
Ondoren aztertu beharko dugu gune honek behar guztiei erantzuna ematen dien edo ez. Hemendik aurrera ditugun beste hainbat azpiegiturei ere irtenbidea eman beharko diegu.
Nahiz eta Enparan ez aipatzeko esan enparanek badu leku gehiago eta honi ere erabilpena emateko asmoak badira.

16. Zelaitxon, zine aretorik ba al doa?
Leire Andueza

Nik entzun ditudan zurrumurruek baietz diote baina ez dakit seguru erantzuten.

17. Gaztiek biltzeko lekuik ez daukebe, 16 urte bitartekuentzako zapo-txoko dago, zaharrak ere beraien lekuek dituzte eta zergaitiken daukezute holako bildurre gaztiei lokal bat emateko, hauek ezin dituzutelako kontrolau?, hauen gurasuek eta beraiek ere ordaintzen dituzte inpuestuek, orduen eskubide osue daukebe lokal bat eskatzeko, ia ba behingoz zuzentzen dezuten araso hau.
Pilar

Ados nago gazteek ere beraien gunea behar dutela esaten duzunean bestela orain ekitera goazen proiektuan gazteak kanpoan utziko genituen.

18. epa gorro!zemouz? azkenaldiyen asko aitzek zapatutako anbientie jetxi dekela. Ze iritzi daukek? ta ze iruitze zaik ein ber dala anbiente hau ez jeixteko?
aftereight

Bueno urte askotan jardun diat taberna batean asteburutan lanien eta benetan asteburu beltzak izaten ziren lana egin behar zuenarentzako eta festak zer esanik ez.
Orain gero eta gehiago entzuten dut Azpeiti jatxi egin dela, moda kontuak alde batetik, giro txepela bestetik...
Ez dut uste gure herritarrak juergazaleak ez garenik baina nik ez diat soluzioa egokia gauza guzti hauentzako. Iruditzen zait guztiok jarri behar dugula zerbait gauzak hobetu daitezen eta gure asmoa kultur programa sendoak egitea izango da herritarrak goza dezaten eta lehen esan bezala zinema egoki batek herriari aberastasuna uzten diola iruditzen zait.

19. Eta gurekin zer gertatu behar du?
Soreasuko Langileak

Gune berri honek giza baliabideak beharko dituela uka ezina da beraz langile hauekin ere adostu beharrekoa adostu beharko da dagokion toki eta garaian.

20. Zer dela eta egin duzue orain Soreasuren aldeko apustua, eta ez, esate baterako, Basozabalen aldekoa? Lehen balio zuen eta orain ez?
iñaki

Egia da hasieran Basozabalekin hasi ginela baina eraikuntza ederra izan arren nahiko aldrebesa da; gelak ateratzeko eta gainera behar guztiei erantzuteko txikiegia dela iruditzen zait.
Soreasuk aldiz, ingurunean ere toki asko du eta Matadero Zaharra ere hor dugu. Arrazoi nagusia toki fisikoarena da eta ez gustuena.

21. Azpeitiko Udalak kulturarekiko sentsibilitate gutxi erakutsi duela iruditzen zait. Zer iritzi duzu?
Nerea

Neu kultur talde bateko partaide naiz eta badakit kultura egitea zenbat kostatzen den. Nik beti izan dut kulturarekiko sentsibilitatea baina denok berdinak ez garenez bakoitzak aztertu beharko du duen sentsibilitate maila.

22. Zergatik jasotzen dituzte hain berandu taldeek dirulaguntzek? Beste era batera egiteko asmori ba al duzue?
Ainara

Talde guztiekin datu base tinko bat sortzea nahi dugu eta talde bakoitzari kontu zenbaki bat izatea ere eskatu nahi diogu. Udalak normalean transferentzia bidez ordaintzen du eta askotan laguntzak ematean arazo honekin topatzen gara. Nori ordaindu? Nola ordaindu?.. Horregatik irtenbide honekin erabaki bezain laister banatuko dira. Hala eta guztiz ere banaketa sistema ez da nire gustokoa eta gunearen kudeaketari eta funtzionamenduari buruz hitz egitean gauza hauek ere adostu beharko ditugu.

23. Azkenengo urteotan gauza asko entzun ditugu kultur azpiegiturei buruz. Batzuk zurrumurruak, beste batzuk agintarien esanak: Udaletxe azpiko aretoa egingo zela, zelaitxon zine txiki moderno batzuk egingo zirela, kultur etxea enparan kalean. Hauetako ezer ez da errealitate bihurtu. Nolatan, orain, aurretik esandakoak kolokan egonik, Soreasu bezalako makroproiektu bat? Zer sinesgarritasun eman diezaiokegu? Milesker.
emilio

Aurrekoan eginiko bilera horretarako izan zen herritarrei adierazteko Udalak proiektu honetan sinesten duela eta horretarako ezinbestekoa da herritarren partehartzea.

24. Azpeitiko Udaleko Kultura sailak 20 taldeen artean banatuko ditu 48.000 ?.Harrituta gelditu naiz zerrenda horretan Kinttela Zezenzale Elkartea ikusi dutenean, talde honek zer kultura mota agertzen du?, edo zein da helburua, rejoneadore honi laguntzea,orduan, zergaitik ez zaio laguntzen atzerrian ikasketak egiten ari diren hainbat Azpeitiarri?, hauek ere diru araso larriak dituzte,eta gurasoen sakrifizioari esker ikasketak bukatuko dituzte. HAU BAI DA KULTURA, ETA EZ BESTEA!
Irati

Bueno ez naiz sartuko gai honetan talde bakoitzak zein besteak egiten duena guztiz errespetagarria iruditzen zait. Gustu ezberdinak zerbaitetarako daude eta zuk esaten duzuna lagundu behar den edo ez? Guztia debatitzeko modukoa da.

25. Aupa, Aitor! Heu ere bandako kidie haiz, oso oker ez banitxiok behintzet. Alde hortatik, ba al daukazue Soreasu bezelako toki baten beherrik? Bandakuentzat ere izango al dek kultur-etxe hori?
Joanes

Printzipioz talde guztiak hartuko ditiagu kontutan, ez duk gure asmoa inor kanpoan uztearena.

26. Zuretzat zezenketa kultura al da?, edo bestela nola ulertu lezaket kinttela zezenzale elkarteari diru laguntza ematea?
Miren

Aurrekoan esan bezala ekintza guztiak errespetagarriak iruditzen zaizkit.

27. Antzerki zaletasuna diozu?, ni urtero joaten naiz antzerki topaketara eta askotan lotsa sentitzen det ikusita lau katu joaten garela, udaletxetik ere azkenengo egunean soilik joaten zarete, argazkia ateratzea
Arantxa

Ni oso antzerki zalea naiz eta normalean guztietara joaten naiz. Nik uste dut dugun "tokian" emanaldi horiek antolatzen nahikoa egiten dugula.

28. Loiolako tren geltokiko etxea hutza dago, ez duzue asmorik hori aprobetxatzeko, Azkoitian uzte dut biblioteka dutela, leku hori ezin liteke ikasleak estudiatzeko egokitu?
Begoña Elias

Esan bezala lehenik Soreasun zentratuko gara eta ondoren gelditzen zaizkigun beste eraikuntzei ere irtenbide bat ematen saiatu beharko dugu.

29. SAN AGUSTIN ZERTAN DA? ENPANKALEKO ETXEZABALA, NORENA ETA NORENTZAKO? SOREASUREKIN BETEKO AHAL DIRA HERRIKO KULTUR TALDE DENAN BEHARRAK?
AXUT

Gure asmoa Soreasu guztiei irtenbidea ematea da. San Agustinerako dirua Madriletik dator beraz pixkat beraien menpe gaude. Basozabali ere irtenbidea eman beharko diogu zeren oso eraikuntza ederra da nahiz eta barruan duen patioak toki fisiko asko jan.
Nire ustez hobe da bat hartu eta gauzak ondo egitea, hamar hasi eta denak gaizki edo ezer ez egitea baino.

Agurra

Mota askotako galderak erantzun ditut baina gustura erantzun ditut.
Nire gogoak herritarrenekin bat egingo dutenaren itxaropena dut eta guztion artean kultura eta gazteria suspertzen saiatu behar dugu.
Besterik gabe eta elkarren berri izango dugulakoan agurtzen naiz.

Aitor Gorrotxategi.


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide