Atzo arratsaldean, Aitor Gorrotxategi, Azpeitiko Udal Kultura eta Gazteria batzordeburua, uztarria on-line atalean izan zen herritarren galderak erantzuten. Ordu eta erdiz jardun zuen, galderei erantzunak ematen.
Duela gutxi, Udalak bilera antolatu zuen Soreasu antzokiarekiko egitasmoez mintzatzeko. Elkarrizketan izan zituen galdera askok bide hori eraman zuten. Esaterako, "gure herriak zinema noble bat eta zerbait gehiago merezi duela" adierazi zuen Azpeitiko zineaz galdetu ziotenean.
Gazteen eta Udalaren artean hainbat arazo izan dira azken urteotan, gazte lokalaren inguruan. Honetaz ere baziren galderak. "Okupazioa ez da biderik egokiena, nahiago dut mahai batean eseri eta hitz egitea konponbide batetara iristeko", erantzuten zion Gorrotxategik herritar batek orain lau urte gazteen gaztetxean sartzeko ahalegina aipatu zionean.
"Herri honen etorkizuna gazteek bideratu eta markatu behar dute". Gogoan hartzeko esaldi hau ere aipatu zuen erantzunetako batean. Jaso zituen 30 galderetatik bakarra utzi zuen erantzun gabe.
Elkarrizketa osorik irakur daiteke webgunean.