Herritarron Zerrendak 49.000 sinadura lortu ditu eta, beraz, ekainaren 13an Europako hauteskundeetara aurkezteko aukera izango du. Azpeitian 571 herritarren sinadura bildu ditu.
Bi aste izan ditu HZk sinadura guztiak biltzeko. Hasiera batean, Herritarron Zerrendako bultzatzaileek Azpeitian mila inguru lortzea zuten helburu.
HZren aurkezpen ekitaldia
Larunbatean aurkeztu zituen Herritarron Zerrendak Europako hauteskundeetarako lan ildoak eta Hego Euskal Herriko hautagaitza. Marije Fullaondo izango da HZko zerrendaburua eta honek ekitaldian eginiko adierazpenen haritik, "Euskal Herria burujabea" lortzearen alde lan egingo dute.
"Euskal Herri librea eta demokrazia" eskatzera joango da HZ Fullaondoren esanetan: "Euskal Herri librea nahi dugu, eta Europara Euskal Herriari oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkiola salatzera eta demokrazia eskatzera joango da HZ". Herritarren garrantzia ere azpimarratu zuen, "herritarrak Europa eraikitzeko subjektu baikara, eta aditu eta aintzat hartu behar gaituzte".
Espainiako Justiziak HZ baliogabetuko duen zurrumurruen aurrean, "jazarpenak ez gaitu geldituko", esan zuen zerrendaburuak. HZk ez duela inor ordezkatzeko borondaterik agertu zuen eta "herritarron eskubidea bermatu" behar dela.
Europa mailan
Europako hauteskundeek Euskal Herriaren nazio izaera agertzeko balioko dutela esan eta Europan ahots propioa edukitzearen garrantzia azaldu zuen. Eraikitzen ari diren Europaz "gustura ez" daudela eta "herrien autodeterminazio eskubidea onartzen duena, eta herritarrek diotena aintzat hartzen duena" eraikitzea posible dela adierazi zuen Fullaondok.