LITERATUZTA aldizkariaren 2. zenbakia irakurri dut taberna batean eskuratuta, eta zorionak eman nahi dizkizuet aldizkari erakargarri hau egiten duzuen guztioi. Nik hemeretzi urte nituenean (duela jadanik hogeita bat!) bagenuen Legazpin HOTS izeneko aldizkari bat, oso baliabide eskasekin egiten genuena. Hura egiteko ilusioa, aldiz, munduko handiena zen. Hots aldizkarikook, bereziki literaturari begira, HOTSIZKI aldizkaritxoa sortu genuen multikopistaz eginda.
Literatuzta ikusi eta irakurri dudanean, berebiziko poza hartu dut horrelako ekimen interesgarria begien aurrean berriro jende gaztearen eskutik gauzaturik ikusi dudanean. Nire begien aurrean pil-pil eta bizi-bizi ikusi ditut guk geure aldizkari txiki hartan erabiltzen genituen gaiak, sentimenduak eta ilusioak, biziberriturik eta jantzi berriz apaindurik. Genero ugari topa daiteke, gainera, maketazio erakargarriko eta egitura txukuneko zuen aldizkari eder honetan. Bejondeizuela!
Animorik handiena bidali nahi dizuet hitz hauen bidez Literatuzta egiten duzuenoi, orain arte bezain ongi lan egiten jarrai dezazuen.
Gure Hotsizki apal hura egiten genuenean, Legazpiko lasalletarrek uzten zizkiguten beren idazmakinak eta tresnak geure lan eta ilusio papereratuak kalera atera genitzan. Eta gogoan dut nola animatzen gintuzten Jokin Otaegi eta Iñaki Zelaia lasalletarrek: Lan egizue txukun, ziurrenik idazleren bat aterako da-eta zuen artetik. Asmatu egin zuten hogei urte inguruko gazteoi animo hitz haiek zuzentzean, gaur hala baita: idazle bat edo beste atera zen talde hartatik. Literatuztan idazleak jadanik, susmatu baino gehiago, ikusi egiten dira. Zorionak eta eutsi goiari!
Aitor Arana
(Urrestilla)