Gaur, maiatzak 27, 20 urte dira, Xoxoteko mendi aterpea ireki zela. Izarraitzera hurbiltzen diren mendizaleen aterpearen ateak Xoxoteko egunez inauguratu eta ireki ziren. Oso eguraldi txarra egin omen zuen egun hartan.
Lagun Onak Mendi Bazkuna 50. urteurrena liburuan esaten denez, 1970. hamarkadaren bukaeran sortu zen Azpeitiko mendizaleen artean Xoxoten aterpea egiteko asmoa: "Bildotxola artzainak erabiltzen zuen txabola erre egin zen Xoxoten, orain aterpea dagoen parean zegoen txabola hain zuzen. Erre zenean, elkartean ibiltzen ginenok pentsatu genuen hantxe bertan borda bat eraikitzea, txabolaren estilokoa", kontatzen du liburuan Mikel Ibartzabalek.
Mendizaleen asmoa hasiera batean gora iristen zen jendeari jateko eta edateko zerbait eskaintzea zen. Baina, orduan ere, dirua komeria eta haurren ibilaldietako aterpe bezala egokitzearekin bideratuko zen kontua. Baimenak eta dirulaguntzak lortu ondoren, urtebeteko epean egin ziren aterpeko lan denak; 1983an jarri baitzen lehen harria. Kanpoko estruktura Altuna y Uria enpresak egin zuen, baina barruko lan guztia herritarren artean egin zen, asteburuak-eta lanerako aprobetxatuz.
Hogei urte hauetan mendizale ugariri eta haur talde oldeari aterpea eskaini izan dio Xoxotekoak. Baina gora behera ugari ere izan dira tarteko. Izan ere, 2001 irailean itxi egin beharra izan zuten mendizaleek; Urolako Osasun Publikoak hara egindako bisita batean "aterbea erabiltzeko nahiko baliabide ez zituelako" berrikuntzak eta egokitzapenak egitea exijitu zuelako.
Bi urtez itxita egon zen aterpea. Azpeitiko mendizale elkarteak berriro ere dirua bildu behar izan zuen berritzeko eta iaz, martxoan, ireki zen berriro. Aurten dagoeneko, haur taldeak egonaldiak egiten ari dira Xoxoten. Igandean ere, Xoxoteko egunean, salda hartzeko parada nagusia izango da gora hurbiltzen diren mendizaleentzat. Ea duela 20 urte baino eguraldi hobea egiten duen.