Fernando Morillok 'Gloria Mundi' liburua aurkeztu du

Uztarria.eus 2004ko mai. 27a, 19:05

Morilloren azken liburuaren azala.
  • Abenduan, Augustin Zubikarai Nobela Laburrentzako Saria irabazi zuen liburuak
  • Thriller zientifikoa egin du, Donostian kokatua
  • Aurkezpenean Etxenike fisikariarekin izan da

Beste bat gehiago. Motxilan saria dakarren beste liburu bat gehiago. Gaur aurkeztu du Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian Gloria Mundi nobela zientifikoa, Augustin Zubikarai Nobela Laburrentzako Sariaren irabazlea.

Kontua ere galdua du idazle gazteak: "12. uste dut dela, ez dakit ziur", dio zenbagarren liburua duen galdetzean. Ez da baina berriki idatzitako libura azken hau. Abendurako amaitua zeukan eta saria irabazita ere bai. Baina zuzenketa batzuk egin nahi zizkion eta horregatik argitaratu du orain.

Thriller zientifikoa egin du. "Zientziarekiko dudan zaletasunaz baliatu naiz liburua idazteko", esan dio Uztarriari Morillok. Erdi misteriozkoa da, II. Mundu Gerran isilpean gordetako deskubrimentu handi baten aitzakian hasten da kontakizuna. Mende erdi geroago, Mireia Elosegi Donostiako International Physics Center-eko fisikari gazte bat ikertzen hasiko da eta zalaparta sortuko da bere inguruan. Arriskua, armak, amodioa... denetik izango du liburuak.

Etxenike

Aurkezpenean Morillorekin batera Pedro Miguel Etxenike fisikaria izan da. Etxenike han izatearen arrazoia liburuan bere izena erabili izana da. "Etxenike liburuan aipatzen dut eta badaezpada komentatu eta erakutsi egin nion ea ongi iruditzen zitzaion. Gustatu eta baimena eman zidan". Gonbidatu bezala izan da Etxenike aurkezpenean.

Galizia

Urtebeterako Galiziara joan zen Morillo, lasaitasuna eta idazteko beta hartzeko asmotan. Aitortu duenez ordea, ia astero joan-etorrian ibiltzen da eta gogorra egiten zaio, nahiz eta lan kontuengatik eta gustura etorri. "Uste baino gutxiago ari naiz idazten baina oso gustura eta asko ikasten ari naiz", esan du idazle gazteak Galiziako egonaldiaz hitz egitean. Uztailean lasai egoteko denbora izango duela uste du, baina denbora askorako? Nobela batzuek erdi idatzita omen ditu. Laister izango dugu berriro etxean beste liburu batekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide