Kontseiluak antolatuta, larunbat honetan manifestazioa egingo da Iruñean (17:30, Golem). Eta denon konpromisoa beharrezkoa da. Beharrezkoa, euskarak une zailak bizi dituelako, eta iraungo badu, guztion arteko bultzadari esker izango delako.
Kontseiluak urtarrilean jarri zuen abian Hizkuntz eskubideak! Denon konpromisoa dinamika; hain zuzen, euskara jasaten ari zen erasoek (AEK, Ikastolak, Zabaltzen, Egunkaria, Martin Ugalde Kultur Parkea...) zerbait egin beharraren premia azalerazi zutelako. Beraz, biharkoa dinamika luze baten barruan sartutako manifestazioa da. Izan ere, euskararen normalizazioa moteltze bidean da, eta beharrezkoa da bultzada ematea, norberaren konpromisoa areagotzea. Beharrezkoa, euskaraz irakurtzea nahi badugu, euskaraz kontsumitzea nahi badugu, euskaraz ikastea nahi badugu, euskaraz lan egitea, euskarazko kultura bizitzea nahi badugu. Horrela bakarrik lortuko baita hizkuntza eskubideen errespetua, euskararen normalizazioa eta horretarako beharrezko diren hizkuntza politika egokiak gauzatzea. Aukera ona dugu larunbateko manifestazioarekin. Are eta gehiago Iruñeko Udalak jarritako oztopoen ondoren (Udalak megafonia erabiltzea galerazi du, eta ondorioz, mezua jarraitu ahal izateko Kontseiluak irrati bana emateko deia egin du).
Uztarriak autobusa antolatu du Iruñera joan nahi dutenentzat. Autobusa Etxe Zuri aurretik aterako da 15:10ean eta izena eman nahi duenak, Zuhatz eta Orkatz tabernetan eta Uztarrian bertan egin dezake.
HIZKUNTZ ESKUBIDEAK! DENON KONPROMISOA