EAJ izan da lehenengo indarra 2.271 botorekin, HZ bigarrena 1.151rekin

Uztarria 2004ko eka. 14a, 12:06

  • Europako hauteskundeetan abstentzio maila oso handia izan zen, %54,90ekoa; 1999an 23,64koa
  • EHNAkin bozkatzeko arazo txiki batzuk izan ziren; baina bestelakoan ezustekorik ez zen izan atzo

Atzo, ekainak 13, Europako hauteskundeak izan ziren, eta Azpeitian, leku guztietan bezalaxe, abstentzioa izan zen nagusi: %54,90.

Botoei dagokienez, EAJ (Galeusca koalizioa) izan da nagusi Azpeitian, botoen %44,72arekin. Bigarren indarra, Herritarron Zerrenda (HZ) izan da, botoen %22,68arekin. Bere botoak legez balio gabe jo dira, Espainiako Justiziak legez kanpo utzi zuelako, baina HZk botoa eskatu zuen, eta Azpeitian horrenbeste boz lortu dituela esan du. EA (Herrien Europa koalizioa) %17,24arekin hirugarren indarra izan da.

1999ko Europako hauteskundeekin alderatuz, orduan EAJ-EA koalizioak 4.606 boto lortu zituen, eta atzo 3.145 boto jaso zituzten bien artean: EAJk 2.271 eta EAk 874. 1999ko hauteskundeetan bigarren indarra EH izan zen: 2.843 boto jaso zituen. Atzo, aurrez esan bezala, HZ izan zen bigarren: 1.151 boto.

Emaitzak

Botoemaileak: 5.076, %45,10
Abstentzioa: 6.180, %54,90
Zuriak: 23, %0,45
Baliogabetuak: 1.159, %22,83
EAJ (Galeusca): 2.271
Herritarren Zerrenda: 1.151
EA (Herrien Europa): 874
PSOE-EE: 297
PP: 276
Aralar (Euskal Herria Bai koalizioa): 74
IU-EB: 54

Mahaiz mahaiko emaitzak ikusteko egizu klik hemen

Balorazioak

Hona hemen alderdietakoek atzoko datuen inguruan esandakoa:

  • Alex Etxeberria (Azpeitiko EAJko lehendakaria):

"Kezkagarria da atzoko abstentzio maila, zerbait gertatzen ari dela adierazi nahi du. Oraindik ez ditugu datuak aztertu baina portzentaiak mantendu ditugu eta oro har gustura gaude. Atzoko egunez EHNArekin arazo batzuk izan ziren, baina bestela eguna ongi joan zen eta nahi genuena lortu dugu, Europan izatea".

  • Aitzol Iparragirre (Azpeitiko ezker abertzaleko kidea):

"Lehenik esan egon den abstentzio maila Europako ereduak duen atxikimendu eskasaren erakusle izan dela. HZri dagokionez, oso emaitza onak lortu ditugu, kontuan hartuz ilegalizatua zegoela eta kanpainan oztopo handiak izan direla. Nahiz eta kanpaina normal bat ez egin, oztopo guztien gainetik oso emaitza onak lortu ditu HZk eta ilegalizazioaren helburua ezkertiar abertzaleak erreferente gabe uztea ez dute lortu, alderantziz gertatu da, oraingoan ere indartuta irten dugu. PPk eta PSOEk EHNArekin bozkatzeko oztopoak jarri zituzten eta Julia Tercerok (Azpeitiko PPko zinegotzia) HZkoei datuak jasotzeko aukera ukatu nahi izan zien, ohikoa duten beren jarrera faxista erakutsiz. Baina guztiaren gainetik, oso emaitza onak jaso dituela HZk eta oso gustura gaude".

  • Manuel Unanue (Azpeitiko EAko zinegotzia eta Azpeitiko EAko lehendakaria):

"Orokorrean hiru gauza nabarmenduko nituzke. Lehenik, izan den abstentzio maila oso kezkagarria dela, zerbaitek huts egin den seinalea da. Bigarrenik, HZren emaitza onak ere nabarmendu beharrekoak dira. Hirugarrenik, Aralarren porrot nabarmena. EAJk ere nabarmen egin du behera: Galeusca osatzen dutenek lehen bost diputatu zituzten Europan eta orain hiru bakarrik. Guk oro har portzentaiak mantendu egin ditugu; gure helburua bigarren diputatua ateratzea zen eta ez dugu lortu. Azpeitian boto gehiago lortu nahi genituen baina ez dugu lortu".

  • Manoli Uranga (PSOEko Azpeitiko zinegotzia):

Uztarria.com-ek Urangarekin hitz egitea ez du lortu oraindik.

  • Julia Tercero (Azpeitiko PPko zinegotzia):

"Orokorrean oso gustura gaude; izan ere, Europako Alderdi Popularrak irabazi egin du. Boto asko berreskuratu ditugu eta gustura gaude. HZri dagokionez esan, nik ez dudala ezer hauen kontra eta ezta hauen ideologiaren kontra ere, baina gauzak egitekotan partidu demokratiko bat bezala planteatu behar direla gauzak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide