Ekainaren 23an Azpeitiko bederatzi gaztek epaiketa bat dute orain dela bi urte Txikiteo Elegante egunean izan ziren gertakarien ondorioz. Muntai juridiko bat medio, gazte hauek 45 urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan aurkitzen dira (honi hainbat eurotako isuna eta hilabete batzutako inhabilitazioa gahitu behar zaio). Muntaia honetan, aurreko lau urtean Azpeitiko Udalean agintean egon ziren PNVko zinegotzi batzuek (Jose Mari Bastida alkate ohia buru delarik) hartzen dute parte, horrela gazteon aldarrikapen eta behar beti bezala errepresioarekin erantzuten zaiolarik.
Izan ere, Azpeitiko gazteok aspalditik ari gara gazte lokalaren aldeko borrokan eta hainbat herriko talde eta herritarren babesa jaso dugu bide honetan. Baina egin diren ekimen eta jaso diren babesek ez dute eraginik izan Azpeitiko Udalean eta gazteok oraindik kalean jarraitzen dugu. Gazteriak gauzak sortu, ikasi eta lantzeko gogoa du. Azken batean ditugun arazoei aurre egin nahi diegu, gaur egungo sistemak eskaintzen dizkigun tresnei aurre egin eta alternatibak sortu nahi ditugu, gazteok pairatzen dugun egoera larria aldatu nahi dugu. Baina guzti hau lantzerakoan hutsune bat nabarmentzen da gure herrian: gune fisiko baten beharra dugu gazteok, gure ardurapean egongo den gazte lokal baten beharra hain zuzen ere. Autogestioa eta antolakuntza bultzatuko dituen gune bat nahi dugu, gazte sorkuntza (musika, literatura, kirola, ikastaroak...) bultzatuko duen gune bat, elkarkomunikazioa indartuko duen gune bat.
Hainbat bide ireki ditugu gazte lokalaren aldeko borrokan, baina PNV-EAren eskutan dagoen Udalak beti bizkarra eman izan digu. Hainbat maltzurkeria eta hainbat gezur erabiliz gaiak duen garrantzia ezkutatzen saiatu dira eta muzin egin diote herriko gazteriaren nahi eta behar bati.
Bederatzi gazteen aurkako epaiketa hau ere Udalak erabili duen errepresioaren adibide garbi bat besterik ez da. Argi eta garbi dugu ez dela bederatzi hauen aurkako eraso bat, gazte lokalaren aurkako beste eraso bat baizik. Aldarrikapen baten aurkako eraso bat da, bere egoerarekin konforme ez eta egoera aldatzeko borrokatzea erabaki duen gazte ororen aurkako eraso bat.
Egun, Udalarekin harremanetan gaude eta elkarrizketa prozesu batean sarturik. Erabili diren borroka eta bide ezberdinek beren fruitua eman dute eta Udalak onartu du gazteok geure gune propio bat izateko eskubidea dugula. Elkarrizketa hauek irtenbide bat aurkitzeko izan behar dute eta ez inolako arazoaren luzapenerako. Gazteok esperientzia dugu eta aurreko urteetako jokaeraren aztarna minimo bat ikusten badugu geure bideak eraikitzen hasiko gara.
Besterik gabe, argi eta garbi esan gazteok harro gaudela gazte izateaz eta guri dagokiguna defendatzen jarraituko dugula oztopoak oztopo. Eta dei egiten diogu gazteriari ekainaren 19an Gazte izateagatik kartzela arriskuan! Epaiketarik ez! lemapean arratsaldeko 19:00etan plazatik abiatuta egingo den manifestaziorako.
Guztion artean lortuko dugu!
Azpeitian Gazteok Zer?!