Xabier Madina azpeitiarra gurpildun aulki batean ibiltzen da garun paralisi baten eraginez. Duela hiru urte, X Madina enpresa sortu zuen, "konputagailuetara sarrerarik ez zuten pertsonei konponbide teknologikoak eskaintzeko". Honetaz mintzo da gaur Berria egunkarian.
Oztopoen aurrean amore ematea hartu litekeen erabakirik errazena dela dio elkarrizketako une batean. "Guk ez daukagu zertan super-gizonak izan. Pazientzia agortu egiten da. Ez daukagu zertan lan gehigarri bat egin egunero. Jaikitzen, ahal duguna egiten nahikoa lan dugu, beste oztopo batzuk jasan behar izateko".
Egiten ari den lanagatik inoren eredu izan daitekeela pentsatzean zera dio: "Nik ez dut ezeren eta inoren eredu izan nahi. Ez dut ardura hori nahi nire gain. Nire bizitzaz arduratzen naiz, nahikoa dudalako horrekin. Ez dut ez aurrekaririk ez aurreikuspenik sortu nahi. Hori ez da nire helburua. Nik gauzak bihotzetik halaxe irteten zaizkidalako eta normalenak iruditzen zaizkidalako egiten ditut".
Autodeterminazioa da Madinari erakargarri egiten zaiona. "Asko maite dudan hitz bat da, bai, egia da. Bat ez da jabetzen autodeterminazio pertsonalaren garrantziaz falta zaion arte".