Uztarriak ohorezko bi bazkide berri izango ditu: Iñaki Goenaga eta Joxe Agirre. Biek euskararen alde egin izan duten lan guztiagatik izendatuko dituzte ohorezko. Ekitaldia zapatuan izango da, 12:00etan, Sindikatu Zaharrean.
Iñaki Goenagak 99 urte ditu. Hamaika pasarte bizi izan ditu, beti ere euskara alboan duela. Euskara galarazita zegoen garaietan ere lan asko egin izan du euskaraz. Joxe Agirre Oanda bertsolaria ezaguna da. Bertsoa eta euskara beti eraman ditu berekin eta beti erakutsi du euskararekiko duen begirunea.
Aurkezpenean azpeitiar horien ibilbideak azaltzeko, batetik Imanol Lazkano bertsolaria eta bestetik Iñigo Aranbarri idazlea egongo dira. Aurkezpen lanetan berriz, Jose Luis Otamendi.
Baite-ren bidetik
Ohorezko bazkide izendatzeko ekimena Baite Euskara elkarteak hasi zuen. Aurreneko ohorezko bazkideak Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina izan ziren. Lehengo urtean, berriz, Pilar Aizpitarte antzezlea eta Enrike Zurutuza esatari, idazle eta albaitaria izan ziren izendatuak.
Lehengo urtearen bukaeran Uztarriak eta Baite-k bat egin zuten eta Baite-k zituen ekimen guztiak Uztarriak hartu. Larunbateko ospakizuna, beraz, jarraipena izango da.