Kultur programazioa koordinatzeko lanari ekingo dio Uztarriak

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 23a, 14:06

Sindikatu Zaharrean Uztarria Kultur Koordinadorako kultura arlokoek asmoen berri eman zuten. (Nerea Uranga)
  • Kultur karteldegi bat eta direktorio bat sortu ditu, eta urteko egitarauaren mapa osatzeko eta antolatzeko asmoa du

Uztarria Kultur Koordinadorak herriko kultur taldeak eta herriko kultur programazioa koordinatzeko hainbat ekimen jarriko ditu martxan egunotan: kultur karteldegia, kultur direktorioa, urteko programazioa eta Kulturaldia. Atzo aurkeztu zituzten ekimenok koordinadorako kideek, "Uztarriak herriko kultur sorkuntza, sortzen dena, antolatzen dena koordinatu nahi du ekimen horien bidez; baina batik bat, aurrera begira, herriko kultur-dinamika piztu nahi du, areagotu egin nahi du", esan zuen Igor Aranbarri Uztarriako Kultura arloko ordezkariak. "Uztarria Kultur Koordinadora sortu zenean esaten genuen herriko taldeek artxipielago moduan funtzionatzen zutela, bakoitzak bere kasara, elkarrekin ia harremanik izan gabe. Gaur egun egoera hobea da, taldeek elkarren berri badute, baina oraindik Uztarria Kultur Koordinadorak badu zertan lan egin". Hala, azken helburu moduan "herrira begirako kultur-proiektua, denentzat irekia izango dena" osatu nahi dutela nabarmendu zuen, eta helburu horri begira lanean ari direla Uztarriako hainbat lagun, talde eta eragile.

Ekimenak

Helburu moduan taldeen arteko koordinazioa eta herriko kultur programazioaren koordinazioa bultzatzea izanik, ekimen hauexek jarriko ditu martxan Uztarriak:

Herriko kultur karteldegia. Herriko plazan, Zelaitxo zenaren karteldegian, herriko ekitaldi denak biltzen dituen karteldegia jarriko du Uztarriak. Kontzertuak, hitzaldiak, agerraldiak, erakusketak, ikastaroakĀ… Uztarriak hamabostero-edo aldatuko du karteldegia (beharren arabera, betiere).

Kultur direktorioa. Uztarriak herriko kultur direktorioa osatu du (taldeen izena, harremanetarako telefonoa edota e-posta eta helbidea). Helburua da taldeek beraiek beste taldeen berri izatea. Direktorio hori herriko talde eta eragile denei banatuko zaie, eta nahi duenak ere eskura izango ditu. Uztarriak, herriko taldeek daukaten informazioa, egitaraua eta bestelakoak beste taldeei eta eragileei helaraziko dizkie. Hala, Uztarriak kultura@uztarria.com helbide elektronikoa ireki du, herriko taldeek eta herritarrek egin asmo dituzten ekitaldi eta dena delakoak jasotzeko.

Urteko egitarauaren mapa. Uztarria Kultur Koordinadorak urtean zehar herrian egiten diren ekitaldi, jardunaldi eta zikloen mapa edota programazioa osatu eta koordinatuko du aurrerantzean.

Kulturaldia. Aurten hirugarren aldiz antolatuko du Uztarriak herriko Kulturaldia, urrian. Kulturaldi hori, azken batean, taldeek urtean zehar egiten dutenaren erakusgarri da. Talde ezberdinen artean landutako kultur sorkuntza bereziak izango dira herrian, eta dagoeneko ari dira lanean hainbat talde.

Taldeak

Garikoitz Mendiola, Azpeitian Gazteok Zer?!

"Gaur egun, askotan, beste taldeek zer duten antolatuta ez dugu jakiten; beraz, ondo dago karteldegi bat eta programazioaren koordinazioa egotea".

Amaia Garmendia, kitarrista taldea

"Oso ondo iruditzen zait. Hala jakingo baitugu beste taldeek ere zer duten antolatuta eta beste taldeekin harremanak izateko erreminta ona izango da direktorioa".

Itziar Elias, lakrikun antzerki taldea

"Oso ona da guretzako. Gure taldeari kanpoan emanaldiak topatzea zaila egiten baitzaigu eta herrian gurekin kontatzen dutela jakitea garrantzitsua da".

Eztabaida

Uztarriak garrantzizko gaia dela iritzita, webguneko eztabaida atalean zuen iritzien berri jakiteko galdera jarri du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide