Asteburuan hasiko dira Azpeitia Dantzan 2004ko emanaldiak

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 30a, 14:06

  • Uztaileko asteburuetan dantza izango da nagusi; lehen emanaldia Burgosko Justo del Rio taldeak eskainiko du
  • Itsasikoak Danimarkara doaz dantza egitera

Uztaileko asteburu guztietan herrialde desberdinetako dantzak ikusteko aukera izango da da 2004 Azpeitia Dantzan programari esker.

Emanaldien antolaketan herriko dantza taldeak eta Udaleko Kultura Saila aritzen dira. "Urtero saiatzen gara, Azpeitia Dantzanen egitarau zabala osatzen. Euskal taldeak ekartzeko geu ibiltzen gara, baina kanpoko taldeak herriratzeko bi kontaktu ditugu, batetik Burgosko nazioarteko festibala eta bestetik, Portugaleteko Elai Alai taldeak antolatzen duen jaialdia", azaltzen du Xabier Bidezabal Itsasi dantza taldeko kideak.

Aurtengo Azpeitia Dantzan jaialdiko lehen emanaldia, Burgosko jaialdiaren antolatzaileetako bat den Justo del Rio taldearena izango da. "Azkenaldian, data hauetarako taldeak ekartzeko zailtasun handiagoak ditugu, izan ere uztailaren bukaeran ari baitira tinkotzen bi festibal horiek", dio Bidezabalek.

Burgosko Justo Del Rio taldeaz gainera, Lituaniakoa ere izango dira Azpeitian. Euskal taldeen artean Kukai-Tanttakaren emanaldia izango da eta herriko Itsasi eta Sahatsa taldeek ere dantza egingo dute.

Aurten gainera, dantza taldeek emanaldien aurretik kalejira egingo dute, herriko kaleetan, saioaren erakusgarri. Horrela, leku itxi batetik kalera aterako dute dantza. "Bai ikuslegoaren ikuspuntutik eta baita dantzarion aldetik ere leku itxi batean dantza egitea erosoagoa da. Eta azken urteetan, horregatik, emanaldi gehienak Izarraitz pilotalekura eraman ditugu. Baina, era berean, konturatu gara, emanaldiak jende askorengandik urrutiratu egin ditugula. Eta, aurten, herrian dantza taldeek presentzia handiagoa izan dezaten kalejirak egingo dira emanaldien aurretik", dio Bidezabalek.

Itsasikoak uztailaren 22an Danimarkara joango dira

Itsasi dantza taldekoak Azpeitia Dantzaneko emanaldia egin —uztailaren 17an— eta egun gutxi barru, uztailaren 22an, Danimarkara joango dira. Uztailaren 25etik 31ra bitartean Danimarkako bost hirien artean (Vejle, Aarhus, Odense, Kolding eta Fredericia) antolatutako Triangle Folklore Festival-era doaz. Hamabi nazio izango dira dantza jaialdian.

Urtero jasotzen ditu Itsasik jaialdi desberdinetan parte hartzeko gonbidapenak, eta aurten Danimarkara joatea erabaki dute: "Taldean hausnarketa egin genuen, jaialdiko datak ez direlako guretzako egokienak, data horietan eginkizun asko izaten ditugulako: Azpeitia Dantzan, dantzari txiki eguna, umeen eguna, San Inazio jaiak eta abar. Azkenean, joatea erabaki zen taldean, baina bestelako emanaldiak ere ahalik eta ondoen betetzen saiatuko gara", dio Xabier Bidezabal taldekideak. Itsasik, herria eta euskal kultura ezagutaraztea izango ditu helburu Danimarkan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide