Miren Odriozola: "Biltzarra, lehenengo urratsa da Udalbiltza berrantolatzeko bidean"

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 1a, 13:07

  • Udalbiltzaren Biltzar Nagusian, berriro, batzorde eragileko eta Nazioarteko Batzordeko arduradun izendatu dute
  • "Alderdi politikoen eztabaidek, Udalbiltza barruan liskarra egotea eragiten du", esan du.

Miren Odriozola, Azpeitiko Habea legez kanpo utzitako plataformakoa da eta Udalbiltza Baltasar Garzonek legez kanpo utzi aurretik (2003ko apirila) batzorde eragileko kide eta Nazioarteko Batzordearen arduraduna zen. Larunbatean, Getxon, Udalbiltzaren Biltzar Nagusian berriro aukeratu zuten batzorde eragilerako eta legez kanpo utzi aurretiko ardurak ditu gaur egun.

Berriro ere lanean jarraitzeko prest?

Hori da, jarraitzeko, legez kanpo utzi ondoren Hautetsien Biltzarra izenarekin ibili baikara lanean.

Larunbatean, Biltzar Nagusian, Udalbiltza berrantolatzeko deia egin zen.

Udalbiltza berrantolatzea eta sustatzea, Eskubideen Karta eta herriak aukeratutako hautetsiak errespetatzea onartu ziren, beste askoren artean, Nazio Eztabaidako Foroan. Maiatzaren 15ean Euskal Herriko 83 hautetsik Udalbiltza berrantolatzeko deia egin zuten eta hilabete eta erdiko epea eman zuten atxikimenduak lotzeko; 700 hautetsik baino gehiagok eman dute. Larunbatean egin zen Biltzar Nagusia, lehenengo urrats bat da Udalbiltza berrantolatzeko norabide horretan. Hilabete eta erdi horretan, harremanak egon dira beste alderdi eta jende desberdinarekin berrantolatzeko norabidean; EA, EAJ, Aralar, AB, independienteak eta abarrekin hitz egin da. Dena irekita dago, ateak irekita daude, hizketan jarraitzeko asmoa dago. Helburua eta asmoa Udalbiltza bateratu bat antolatzea da.

Urrats bateratzaileak emateko konpromisoa hartu zen.

Pausoak eman dira, harremanak badaude eta egon dira, baina uste dugu, tartean egon diren kontu guztiekin, egun batetik bestera ezin dela konpondu. Euskal Herrian beste maila batean ere jende bat lan egiten ari da aurrera begira eta horrek, berrantolaketa erraztu egingo du. Denbora batera, guk espero dugu, Udalbiltza, Euskaldunan sortu zen Udalbiltza, bat izatea. Espresio bateko Udalbiltza izatea, hor lan asko egin beharko da bai alderdietakoekin eta baita beste Udalbiltzako jendearekin ere. Guk, behintzat, itxaropena badaukagu iritsiko garela Udalbiltza berrantolatu eta indartsu bat sortzera.

Berrantolatzeko, biak bat egiteko, saioa, alderdi politikoen gainetik egon behar duela esan zen biltzarrean.

Hori da, alderdien gainetik egon behar du Udalbiltzak, Udalbiltza hautetsien biltzarra da eta ez alderdi politikoena. Bestela beti arazoak egongo dira; alderdi politikoek beraien egitasmo desberdinak dituzte eta elkarren arteko eztabaidak, Udalbiltza barruan liskarrak egotea eragiten du.

Nazio Eztabaidaguneak plazaratutako ondorio batzuk gauzatzen hasi dira, bata berrantolaketa da eta besteak?

Udalbiltza berrantolatzen hastearen deiaren ondoren lehen biltzar irekia egin da, hori urrats bat da. Eztabaidaguneak plazaratutako ekimen bat da. Beste gauza asko martxan daude. Osoko Bilkura egiten denean plazaratuko dira nazio eraikuntzako Garapen Biltzarraren plana eta ildoa. Larunbatean, besteak beste, bost ildo planteatu ziren: azaldu zen Udalbiltzak herrietara jaitsi behar duela, herrietan txertatu behar duela eta asmoa dago, herri bakoitzean hautetsi arduradun bat edukitzeko, Udalbiltzaren ildoak aurrera eramateko. Nazio Garapena Biltzarrarekin ere harreman estua edukiko dugu. Naziotasuna eta EHNAri buruzko ildoan —uste dut 40.000 daudela dagoeneko— aurrera eramateaz eta erabilpenaz hitz egin zen. Beste ildo bat, euskararen normalizazioa eta hizkuntz eskubideen garapenaz da. Laugarren ildoa, herrien arteko senidetzea eta auzolana da eta gero, hauek guztiak aurrera eramateko, sustengu ekonomikoa nondik eta nola bilatu da beste ildo bat. 2004-2005erako egutegia ere egin zen Biltzarrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide