Nafarroara joan da erremonteko txapelketa

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 5a, 14:07

Iribarren eta Gaztelu irabazleak sariarekin eta txapelarekin, zutik, eta makurtuta Matxin IV. eta Badiola erremontistak.
  • Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean, Matxin IV.ak eta Badiolak ezin izan zieten aurre egin Iribarren eta Gaztelu nafarrei
  • Galtzaileak ez ziren gustura eginiko partidarekin

Iribarren (Doneztebe) eta Gaztelu (Leitza) bikotearen eskutik Nafarroara joan da Azpeitiko V. Erremonte txapelketako txapela. Ostiralean jokatu zuten txapelketako azken partida, finala, Matxin IV (Azkoitia) eta Badiola (Azpeitia) bikotearen aurka, txapelketako eskenategia izan den pilotalekuan, Izarraitzen.

Finaleko partidaren emaitza 24-40 izan zen. Iribarren-Gaztelu bikotea partidaren lehen minutuetan jarri zen Matxin IV- Badiola bikotearen aurretik: 3-10, 3-17, 9-19, 12-22, 16-31, 17-36, 22-39 eta 24-39 izan ziren partidan zehar markagailuko puntuaketak, beti ere nafarrak aurre hartuta ibili ziren. Gazteluk zortzi tanto egin zituen sakez eta Iribarrenek bi.

Partida amaitu ostean, Matxin IV eta Badiola erremontistak ez ziren batere gustura egindako partidarekin: "Finaleko partida izaten da beti okerrena, hasiera-hasieratik alde egin digu partidak eta gero zaila izaten da aurre hartzea. Haiek gu baino gehiago eman dute", zioten biek. Hala ere, finalera heldu direla eta pozik zeuden bigarren gelditu diren erremontistak. Baina, partida txarrena ostiralean jokatu zutela zioten: "Nerbioak eta eragin egiten dute finalean, eta Azpeitian jokatzea presioa da; Iribarren eta Gazteluk, gu baino, motibatuago jokatu dute". Erremontistek, zaletuak ere izan zituzten harmailetatik animoak ematen; lagunak eta senideak han zituzten ohiuka eta txaloka.

Txapela, beraz, etxetik kanpo joan da. Iribarrenek, ez du aurreneko aldia Azpeitiko Errremonte txapelketa irabazten duena, aurretik Olazarrekin bikotea osatuz eskuratu zuen.

Txapelketa bukatu bada ere, uda partean partida ugari jokatu beharrean dira erremontistak, hala zioen Badiolak: "Urte osoan jokatzen ditugu partidak, baina uda da gogorrena, Galarretan egunero partidak izaten baitira; hemendik aurrera gaur (ostiralean) baino hobeto jokatzen saiatu beharko dugu".

Azpeitiko V. Erremonte txapelketako finala jokatu, sariak banatu eta partida estelarra izan zen Izarraitzen. Ezkurrak eta Aizpuruk osatutako bikoteak Altuna II.a eta Lizasoren aurka jokatu zuten. Ezkurra-Aizpuruk irabazi zuten 40-29. Baina partida bestela hasi zen, 11-18an, baina gero pixkanaka, tantuz tantu gerturatzen joan ziren irabazleak 22-22ko berdinketa arte. Ondoren parez pare ibili eta aurre hartu zuten Ezkurrak eta Aizpuruk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide