Ostiraletan, inguruko baserritarren produktu ekologikoek txokoa hartuta dute azoka plazan. Orainarte, ordea, ekologikoki produzitutako barazkiak bakarrik erosi zitezkeen. Baina, ekainean produktuen aukera zabaldu egin zen: sagardo, gazta, ogi eta mermelada ekologikoak jarri dituzte saltzen. "Ogiak eta opilak arrakasta izan dute, ongi saltzen dira. Ahuntzaren gazta ere saltzen dugu eta nabari da jende askok ez duela inoiz probatu, hala ere probatzen duenari gustatzen zaio", diote azokako saltzaileek.
Astearteko azokaz gain, ostiraletan ere jendeak eskatuta produktore ekologikoek postua jartzea erabaki zuten, eta han izaten dira 17:30etik 20:00ak bitartean. "Jendeak, badu produktu ekologikoak erosteko nahia, baina gero kontsumitzeko orduan modu erosoenera jotzen du. Kontzientzia falta da. Eta ostiraletan azokara datorrena, propio produktu ekologikoak erostera datorrena da", dio Edurne Agirre produktu ekologikoen ekoizleetako batek.
Jendeak oraindik "ez daki" aukera hori dagoenik azoka plazan, hala diote produktoreek. Eta horregatik, Udalari proposamen berri bat egiteko asmoa dute: "azoka plazan postua jarri ordez, plazako arkupetan ipintzeko eskaera egingo diogu Udalari".