Kazetariek ikusteko leherketak

Uztarria 2004ko uzt. 6a, 18:07

  • Kazetariei harrobian leherketak nola izaten diren erakutsi diete Altuna y Uria S.A. enpresakoek
  • Keixeta baserriko baten eta tekniko baten artean tira-birak izan dira

Gaur, uztailak 6, 13:30 aldera Sistiaga errekako harrobian bi leherketa egin dituzte kazetarien aurrean. Azken aldian harrobia dela-eta izandako tira-biren ondorioz (ikusi Uztarria aldizkariko maiatzeko zenbakia ) hainbat hedabidetako kazetariak deitu dituzte Altuna y Uriakoek, leherketak bertatik bertara ikusteko.

Leherketak Keixeta baserritik gertu izan dira eta kazetariak eta beste hainbat tekniko bertan bildu dira. Kazetariek bertatik sentitu dituzte bi leherketak; lehena nahiko txikia izan da eta ia ez da sentitu ere egin, bigarrenak, aldiz, zarata eta mugimendu gehiago sortu du. Bertako teknikoek adierazi dutenez bigarrengoan 45 kiloko karga lehertarazi dute eta bataz beste hilean behin edo egiten omen dute leherketa bat. Karga, berriz, lur-eremuaren araberakoa izaten da. Eta baserrira gerturatu ahala karga gutxiagoko leherketak izango direla ere adierazi dute.

Leherketa batetik besterako tartean izan da Keixeta baserri ondoan tentsio unerik ere. Keixeta baserriko jabeak tekniko bati adierazi dio "gaurkoa leherketa txikia" dela eta ez deitzeko horrelakoetan hedabideei. Gaur "azaleko leherketa" bat dela adierazi du baserritarrak, leherketa zenbat eta barrurago izan, orduan eta mugimendu gehiago sortzen omen du. Teknikoak, berriz, leherketa guztietan "bete beharrekoa" betetzen dutela adierazi dio baserritarrari.

Haserreak haserre harrobia pixkanaka-pixkanaka handitzen doa eta Keixeta baserrietatik gero eta gertuago dago. Jada Keixeta baserritik 50 metrora dabiltza kamioiak lurra zulatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide