Izarraitz igeri elkartea, uretako kirolariak

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 7a, 12:07

Izarraitz Igeri Elkarteko Naiara Olaizola eta Ainhoa Mitxelena.
  • Azkenengo entrenamenduekin, aste honetan amaituko dute denboraldia
  • Emaitza onak lortu dituzte eta gustura dira denboraldiarekin

Herriko igeri elkartea, Izarraitz, ez da oraingotxea, dagoeneko 17 urte ditu, 1987an sortu baitzen, hain justu martxoaren 17an. Aste honetan, aurtengo denboraldiko azken entrenamenduak egingo dituzte eta oporrei ekingo die igerilariek.

Bukatzear duten denboraldiari errepaso egin eta gustura daude Izarraitz igeri elkartekoak lortutako emaitzekin. "Eskolarteko lehiaketak abendua eta maiatza bitartean izaten dira eta emaitza onak izan dituzte igerilariek. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan ere elkarteko lau igerilari, Alex Arrieta, IƱaki Bastida, Miren Epelde eta Unai Albizuri, ibili dira eta ondo moldatu dira", dio Ainhoa Mitxelenak.

Aste honetan bertan federatuen Gipuzkoako txapelketak jokatu dira eta Izarraitz elkarteko bost igerilarik parte hartu dute: Alex Epelde, Antonio Ruiz, Miriam Albizuri, Ane Borda eta Maider Etxezabal. "Miriam Albizuri, Gipuzkoako hiru probetan lehenengo postuetan gelditu zen eta Euskadi mailako probetan ere lehenengo hiru postuetan ibili da", kontatu du Mitxelenak.

Kirol "gogorra" izanik, atseden hartzeko garaia ere iritsi zaie igerilari gazteei: "Egunero-egunero etortzen dira, denboraldian zehar, igerilekura entrenamenduak egitera, eta azkenean gogorra da. Orain, azken entrenamenduak egin eta oporrak hartuko ditugu, baina uztailaren 25ean Getaria-Zarautz igeri proban ere parte hartuko dugu elkarteko batzuk".

Elkarteko igerilarien txapelketa eta entrenamenduetaz arduratzen direnak Ainhoa Mitxelena eta Amaia Olaizola dira. Eta, datorren denboraldiari begira jarrita daude: "Ikusten ari gara, urtez urte, igerira datozenak gutxitzen ari direla eta indartzeko asmoa dugu. Datorren ikasturtea hasten denean, ikastetxetan igeri elkartean hasteko aukera eskaini nahi diegu ikasleei eta entrenamenduetako ordutegietan ere aukera zabaltzea da gure asmoa; orain nahiko mugatuta dugula uste baitugu. Helburua, igeriketa eskola bat sortzea da", dio Mitxelenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide