Saninazioen atarian, Umeen Euskal Festa izango da igandean

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 14a, 14:07

Azpeitiko lau erraldooiak harriko kaleetan ibiliko dira igandean, beste herrietakoekin batera.
  • Umeen Euskal Festa ospatzeko, igandean, haurrak baserritarrez janztea eskatu du Udaleko Festa Batzordeak
  • Erraldoi eta buruhandiak eta dantzari txikiak izango dira nagusi

Herriko San Inazio jaien atarian, asteburuak festa giroan jantziko dira Azpeitian. Datorren asteburuan, igandean, Umeen Euskal Festa ospatuko da eta hurrengoan, berriz, Santiyo egunean Baserritarren Festa. Jaietarako giroa eta animoak berotzeko haur, gazte eta helduentzako aukera ezinhobea da datorrena.

Herriko haurrentzako jaia antolatu da egun osoan eta hoiek baserritarrez jantzita ateratzeko eskatu da Udaleko festa Batzordetik. "Batik bat haurren eguna da iganderako antolatu den festa eta protagonista eta festako partaide senti daitezen eskatu dugu baserritarrez jantzita kalera ateratzea", dio Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak.

Erraldoi eta buruhandiek eta dantzari txikiek izango dute nagusitasuna egun osoan zehar. Horretarako, Itsasi dantza taldekoek aurretik egindako lanari esker korporazio bat osatu du txikienen artean eta hauek goizean goizetik meza nagusian eta alkate txikien ongi etorrian parte hartuko dute. "Itsasi dantza taldea arduratzen da korporazio gaztetxoa osatzen eta haiekin batera dantzari txikien talde bat ere aterako da", kontatzen du Ibarzabalek.

Hamaika herritako erraldoiak

Erraldoien dantza eta ekitaldiak izango dira plazan eta kaleetan zehar. Hamaika herritako erraldoiak parte hartuko dute: Ondarru, Bilbo, Oiartzun, Legazpi, Deba, Ordizia, Urretxu, Elgoibar, Bergara, Azkoitia eta Azpeitikoak. Erraldoien artean, egindako dantzak kontuan hartuta bi sari banatuko dira: bikoteka eta taldeka egindako saio onenak sarituko dira. Azpeitiko erraldoiak, egunotan, txukun jartzen eta iganderako prestatzen ari da horren ardura duen Diego Cruz azkoitiarra. Zarautzeko eta Zumaiako festatan ibili eta kolpe txiki batzuk dituztelako konponduko dira. Izan ere, ekainaren hasieran Zarautzen Etxezabala etxea erre egin zen, eta baita han barruan zeuden buruhandiak eta erraldoiak ere.

Hogeita hamabi urteko erraldoiak

Igandean, erraldoi eta buruhandien konpartsan Azpeitiko gizon mairua, neska beltza, gizon txinarra eta neska zuria beste herrietako erraldoiekin batera ibiliko dira kaleetan eta plazan.

Aurten 32 urte beteko dituzte gaur eguneko herriko eta auzoetako jaietan ezinbesteko bihurtu diren erraldoiek. Azpeitiko Udalaren aginduz egin ziren 1972. urtean Valentziako tailer batetan eta aurretik —XX.mendearen hasierako hamarkadetan— herrian izandako erraldoien itxura hartu zen kontuan berriak egiteko. Garai hartan , Udalak erraldoi bakoitzagatik 60 mila pezeta ordaindu zuen.

Erraldoiak eta buruhandiak kalera atera aurretik txukuntzeko eta konpontzeko lanak egitea bi eskulturgile eta margolariren ardura izan da: Jabier Iraeta azpeitiarra bata eta bestea Diego Cruz azkoitiarra. Gaur egun azken honen eskuen errepasoa jasotzen dute, harri-kartoizkoak diren jaietako pertsonaia bitxi eta ezagun hauek.

Konponketak beti ere aurrez duten itxura eta koloreak zainduz egiten dira. Baina, orain dela urte gutxi jantzi berriak ere egin zitzaizkien. Erraldoientzako arropa berriak ere aurretik zuten janzkera kontuan hartuta egin ziren.

Egitaraua

10:00- Goiz eresia, Itsasiko txistulari taldea eta banda gazteak ongi etorria egingo die kanpoko dantza taldeei.

10:45- Umeen korporazioa.

11:00- Umeen meza nagusia. Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzak abestuko du. San Sebastian parrokian.

11:30- Erraldoien desfilea. Parrokitik abiatuta herriko kaleetan barrena.

12:30- Alkate txikien ongi etorria eta dantzari txikien ekitaldia. Itsasi eta Sanjuandegiko dantza taldeak. Plaza nagusian.

12:45- Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa. Plaza nagusian.

15:00- VIII. Scalextric-a. Arratsalde osoan. Frontoi Txikian.

16:00- Erraldoi eta buruhandien kalejira.

16:30- Umeen jolasak. Plaza nagusian.

19:30- Txotx txaranga, azpeitiarra. Kaleetan zehar.

20:30- Betizu taldearen kontzertua. Plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide