Erraldoien dantzako sariak eskualdera

Uztarria.eus 2004ko uzt. 20a, 12:07

Erraldoiak Parrokia aurrean meza bukatu zain.
  • Umeen Euskal Festa ospatu zen herenegun Azpeitian, eta haurrak eta erraldoiak izan ziren festan nagusi

Herenegun, herriko jaien atarian, haurrak eta erraldoiak nagusi izan ziren Umeen Euskal festan. Urtero bezala, egun batez bada ere, haurrak izan ziren Azpeitiko Udalaren agintea eskuetan izan zutenak, eta dotore jantzita ibili ziren herriko kaleetan barrena.

Goizean, Itsasi dantza taldeko haurrek osatutako Udalbatza, dantzari txikiak eta Udal Musika Banda gaztea, Iñaki Alberdi zuzendari zuela, kalejiran joan ziren parrokiara. Han, barruan meza ari zen bitartean, erraldoi guztiak elizaren atarian elkartu ziren. Inguruetan bildutako haur batzuen izua nabarmena zen, hamabi herritako 40 erraldoi inguru baitzeuden bertan. Meza bukatu eta Udalbatza parrokiatik atera zenean kalejirari ekin zioten guztiek batera, Eliz kaletik gora.

Erraldoiek —talde bakoitza bere musikariek lagunduta— kaleetan desfilatzen zuten bitartean, haurren Udalbatzak pregoia irakurri zuen plazan. Gero, erraldoien dantza lehiaketa hasi zen plazan bertan. Epaimahaikideak Jose Ramon Larrañaga Argazki Elkartekoa, Ana Colina Musika Eskolakoa, Mikel Larrañaga Itsasi Dantza taldekoa eta Julian Kortajarena (EAJ) zinegotzia izan ziren. Bi sariak eskualdean gelditu ziren: taldekakoan (600 euro) Azpeitiak irabazi zuen eta bakarkakoan (300 euro) Azkoitiak. Azkoitiko erraldoiekin, hala ere, Zarauzko erraldoien taldekoak ibili ziren. Orduñakoei, berriz, oroigarria eman zitzaien, aurten 50 urte bete dituztelako bertako erraldoiek.

Arratsaldean, azkenik, Betizu taldearen kontzertuan izan zen eta ehunka haur bildu ziren telebistak ezagun egindako talde gaztea ikustera eta haien abestiak herrian bertan zuzenean entzutera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide