2004-2005 denboraldiko lehen partida abuztuaren azken asteburuan jokatuko dute Lagun Onak Futbol Taldeko Hirugarren Mailakoek. Baina, denboraldiaurreko entrenamenduei gaur ekingo diete. Berritutako taldea izango da; jokalari ia gehienak berriak izango baititu. Aurreko denboraldia jokatu zuen taldetik bederatzi jokalarik besterik ez dute jarraitzen; Bigarren Erregionaleko Orbegozo jokalariarekin hamar izango dira lehen Hirugarren Mailako taldekoekin ibilia. Beste guztiak fitxaketa berriak, edota beheragoko mailetatik igotako jokalariak izango dira.
Garmendipe futbol zelaiko aldageletan dagoen bulegoan aritu dira Aitor Zulaika Lagun Onakeko Hirugarren Mailako entrenatzailea eta Asier Santana prestatzaile fisikoa aurre denboraldia prestatzen, taldeko aldaketez hala zioen Zulaikak: "Aldaketa asko dago, taldean baja mordoa egon delako. Baina guretzat entrenatzaileen taldearentzat erronka berria izango da, aurreko denboraldian taldea ia osatuta hartu genuelako".
Talde gaztea
Taldea oraindik osatzeko dagoela diote Lagun Onaken: "Bizpahiru jokalari gehiago beharko ditugu oraindik". Hala ere, talde gaztea izaten jarraituko du: "21 urteko adina da bataz bestekoa. Normala da, Lagun Onak diruz ez da klub aberatsa eta diruagatik ez dira jokalariak etortzen; ilusioarekin datoz, Hirugarren Maila kategoria polita delako, taldean laguntasuna nabarmena delako eta futbol zelai ederra dugulako, horregatik etortzen dira jokalariak".
Entrenatzaileen taldeak, Juan Ramon Olalde Kinttela Lagun Onakeko kirol zuzendariaren lana "ezinbestekoa eta garrantzitsua" dela dio. "Bere lana hori da, fitxaketen ardura baitu Kinttelak. Gazteen mailako jokalariak ondo ezagutzen ditu, baita Preferenteko eta Hirugarren Mailakoak ere. Lagun Onaken partidez gain asteburuetan beste taldeenak ikustera joaten da. Asko daki eta bere lana oinarrizkoa da".
"Gutxi kobratuta", baina profesionalen pare egiten dute lan Hirugarren Mailakoek. Gaur dute lehen entrenamendua; herriko jaietan bi-hiru eguneko atsedena besterik ez dute izango, eta abuztu osoan lanean ariko dira. Aurre denboraldian lau bost partida jokatuko dituzte, gero gogor ekiteko.
Hirugarren mailako taldea: jokalari berriak eta ohiak
Taldea
Jarraituko duten jokalariak.
David Tejera. Atezaina.
Mikel Odriozola. Atzean jokatzen du.
Josu Martinez. Atzean jokatzen du.
Tena. Atzean jokatzen du.
Josu Aranburu. Erdi kanpoan.
Antton. Erdi kanpoan.
Saizar. Erdi kanpoan.
Davitxi. Erdi kanpoan.
Eneko. Aurrean.
Orbegozo. Aurrean. Bigarren erregionaleko jokalaria izan arren Hirugarren Mailako taldearekin aritu zen.
Aurten fitxatu direnak.
Arkaitz Zubimendi. Atezaina, Ikasberri futbol taldean aritu da.
Ander Ayuso. Beasain futbol taldetik dator.
Martija. Elgoibarko futbol taldean urtebetez jokatu ondoren Lagun Onakera bueltatuko da.
Jon Martin. Hernani futbol taldetik etorriko da.
Jon Erkizia. Oreretako Touring taldetik etorriko da.
Aurre denboraldia jokatuko duten jokalariak.
Nara. Lagun Onak taldeko jubenila.
Gorka Zabaleta. Lagun Onakeko Bigarren Erregionaleko jokalaria.
Odei Mendinueta. Oraindik jubenila da.
Alex. Oraindik jubenila da.
Julen Santesteban. Oraindik jubenila da. Kanpotik aurre denboraldia egitera etorriko direnak.
Ivan Galparsoro. Idiazabalgo futbol taldetik datorrena.
Gorka Martin. Idiazabalgo futbol taldetik dator.
Jokalari ohiak
Beste taldeetara joan direnak.
Unai. Atezaina. Barakaldo futbol taldera doa futbolean jokatzera.
Xabi. La Roda, Albacetera doa.
Aimar. Zestoa futbol taldera doa.
Jagoba Zubimendi. Zestoa futbol taldean jokatuko du.
Jon Regillaga. Tolosa futbol taldera.
Gurutz Munduate. Real Union futbol taldera.
Abel. Ondarru futbol taldera doa.
Beste futbol taldeei utzitako jokalaria.
Aristi. Anaitasuna futbol taldeari utziko dio Lagun Onak Futbol Taldeak.
Lagun Onak Futbol Taldea utzi dutenak.
Imanol.
Andoni.
Aaron.
Futbola utzi dutenak.
Urkia.
Ohian.
Antzi.
Jon Sarriegi.