Festetan ere multak?

Iban Arregi 2004ko uzt. 23a, 15:07

  • Gogor ari dira udaltzainak azken aldian, multak jarri eta jarri...
  • Saninaziyuetan ere multak jarriko al dituzue gaizki aparkatzeagatik?

Herriko udaltzainak gogor ari dira, multa jarri eta jarri. Eta ez zait gaizki iruditzen, azken aldian Azpeitian oinezko baino kotxe gehiago ikusten delako. Baina neurria ere hartu beharko diozue, udaltzainok, multa jartze horri… Gutxienez irizpideak argitu.

Goazen harira: ekainaren 20an, igandean, Erdi-Aroko azoka arrakastatsua izan zen asteburu hartantxe, kotxea Etxe-Zuri aurreko isletan utzi nuen ordu laurden baterako. Kotxea hartzera nihoala, multa! Arau-hauste “larria” egin omen nuela, eta 92 euro pagatu behar. Udaltzaingoekin hitz egin nuen, herri osoa kotxez gainezka zegoela esan nien, herri inguruan ondo aparkatuko zuen amaren seme-alabarik ez zegolea, ehundaka kotxe gaizki aparkatuta zeudela, ez zegoela lekurik aparkatzeko… Betharrametan bazegoela tokia, eta hara eraman izan banu…; horixe erantzuna. Errekurtsoa sartu nuen, baina alferrik. Orain bigarrenez sartu dut, baina…

Ez zait gaizki iruditzen multen gai horretan gogor jartzea udaltzainak, baina ba al duzue irizpiderik eta orekarik? Behin hori esanda, hauxe esan nahi diot Jose Angel Aristiri, Azpeitiko udaltzainen buruari:

  • Aparkalekuen arazoa ez da horrela (bakarrik) konponduko. Hori badakizue, ezta? Ba zuen agintariei jakinarazi (edo insistitzen segitu).
  • Kotxea herri barruan ordu laurden batean gaizki aparkatuta edukitzea “arau-hauste larria” baldin bada, eta, zuen idatzian esaten denez, karneta ere galdu ahal badut, ez dakit ba... Benetan ari al zarete? Adarrik ez jo, faborez. Trafikoko arau-hauste larriagorik ikusi dut nik bazterretan…
  • Saninaziyuetan gaizki aparkatzeagatik isunak jarriko al dituzue? Diot, saninaziyuen tankera zuelako herriak Erdi-Aroko azokako egun haietan; dena jendez gainezka zegoen, eta, Azpeitian halakoetan gertatu ohi denez, kotxe asko eta asko zeuden ahal zen lekuan aparkatuta (nik Damason bi buelta eman nituen, eta aparkaleku, espaloi eta bazter denak beteta zeuden; gaizki aparkatzeko ere arazoak!). Gaizki aparkatu beharko, zer erremedio! Saninaziyuetan ere horixe bera gertatuko da. Besteak beste, gure auzoan (zezen-plazatik gertu bizi naiz) “arau-hauste larri” asko gertatuko dira aurtengo saninaziyuetan ere; “arau-hauste larri” horiek egiten dituztenek ere 92na euro ordaindu beharko al dituzte? Haiek ere Betharrametan edukiko dute aparkatzeko lekua…
  • Izan gaitezen serioak: Azpeitiak ez dauka festetan (eta ekitaldi garrantzitsuak daudenean, larunbat iluntze jendetsuetan, entierro jendetsuak daudenean, Realak Garmendipen jokatzen duenean…) kanpotik datozen denei aparkatzeko leku egokirik egiteko ahalmenik, eta ahal den lekuan utzi behar kotxea jendeak (betiere, ahal den neurrian, giza-legea errespetatuz, jakina). Eta zuek, dirudienez, ez daukazue irizpide garbirik “arau-hauste” horiek zigortzeko orduan…

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide