Gaur eta bihar deklaratuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltzako kideek —tartean Miren Odriozola azpeitiarra eta legez kanpo utzitako Habea plataformako kidea dago; honek bihar, osteguna, deklaratuko du—. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko kideak inputatu eta deklaratzera deitu ditu; hamaika horietatik bederatzi EHko hautetsi ohiak dira eta ezker abertzaleen Udalbiltza legez kanporatu zutenean EHko hautetsiak ziren eta gaur egun hautetsi, hautetsi ohi edo baliogabetutako plataformetako hautetsiak dira, eta beste biak, gaur egun beste akusazio batzuengatik badaezpadako kartzelaldian daude.
Garzonek udal hautetsien biltzarreko kide izateagatik talde armatuko kide izatea leporatu eta Udalbiltza auzian inputatu ditu. Deklaratzera deitutako hautetsien esanetan, "nazio eraikuntzan aritzeagatik delitugiletzat hartu gaituzte". Eta, Udalbiltzaren erasoa ez dela isolatua nabarmendu dute, "azken urteetako kate luzearen beste katebegi bat baino ez da". Udalbiltzako presidente den Loren Arkotxak, "Euskal Herriaren eta erakundetze nazionalaren" aurkako erasoa dela ere esan zuen.
Azpeitiko Udaleko EAJko eta EAko taldeek, alderdi horiek osatzen duten Udalbiltzak ateratako komunikatuarekin bat egin zuten atzo eta "Estatuko botereen eskutik sortua den dinamikagatik" kezka azaldu zuten.
Gaur elkarretaratzea
Inputatutako Udalbiltzako hamaika hautetsietatik bat, Miren Odriozola azpeitiarra eta Habea plataformako kidea dela eta, "Udalbiltzaren aurkako eraso berri hau salatzeko", Udalbiltza aurrera lemapean, gaur eta bihar, 19:30ean, plazan, batzarrak deitu ditu Habea plataformak. Gaur egingo den batzarra bukatu ostean, plazan bertan, elkarretaratzea ere egingo da.