Udalbiltza auziarekin lotuta gaur deklaratu dutenak libre geratu dira

Uztarria.eus 2004ko ira. 1a, 15:09

  • Udabiltza auziarekin lotutako 11 inputatuetatik bostek gaur deklaratu dute eta libre gelditu dira bermerik gabe
  • Bihar, beste bost lagunekin batera deklaratuko du Miren Odriozola azpeitiarrak
  • Gaur, 19:30ean, plazan Udalbiltza aurrera lelopean batzarra eta kontzentrazioa egingo dira

Udalbiltza auziarekin lotuta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu duten bost lagunak baldintzarik gabe aske uztea erabaki du Baltasar Garzon epaileak. Gaur goizeko 10:00etan hitzordua zuten Garzonen aurrean deklaratzeko Peru Aranburuk, Unai Dañobeitiak, Xefe Ziarrustak, Iñaki Olaldek eta Joxean Barandiaranek. Bostak deklaratu dute eta bermerik gabe libre utzi ditu epaileak; hala ere, bi astean behin sinatzera joan beharko dute. Baina Dañobeitiak eta Aranburuk preso jarraituko dute, aurrez beste auzi batzuengatik badaezpadako kartzeleratzean daudelako.

Bihar, 11 inputatuetatik gelditzen diren beste sei lagunek deklaratuko dute, Miren Odriozolak, Maribi Ugarteburuk, Jasone Astibiak, Expe Iriartek, Juan Karlos Alduntzinek eta Urko Irastortzak.

Gaur, 19:30ean, kontzentrazioa

Udalbiltzaren auziaren inguruan inputatutako 11 lagunen kontua salatzeko, gaur Azpeitian 19:30ean batzarra eta kontzentrazioa deitu ditu plazan Habea plataformak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide