Sabel dantza, sukaldaritza eta eneagrama ikastaroak antolatu dira

Uztarria.eus 2004ko ira. 3a, 12:09

  • Gazteria Departamenduak 20004-2005 denboraldirako prestaturiko ekintzak dira
  • Urritik abendura bitartean iraungo dute

Beste urte batez, Gazteria Departamenduak 2004-2005 denboraldirako ikastaroak antolatuko ditu.

Ikastaro bakoitzak bere berezitasunak izango baditu ere, gehienen iraupena urritik abendura bitartean luzatuko da. Astean behin emango dira eta normalean, ordu pare bateko iraupena izango dute.

Orduak eta egunak zehazteko badituzte ere antolatuko diren ikastaroak Sabel dantza, Gabonetako sukaldaritza eta Eneagrama izango dira.

Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek izena emateko azken eguna irailaren 25ean izango dute. Informazio gehiagorako edota beste ikastaroren bat proposatzeko 943/ 15 71 61 telefonora deitu daiteke edo Gazte Informazio Bulegoan egin.

Hona ekintza bakoitzaren aurrerapen batzuk:

ENEAGRAMA (1. Maila):

Eneagrama norbere burua ezagutzeko teknika da. Milaka urte dituen filosofia honek Mesopotamia eta Babilonian du bere jatorria. Urteetan zehar ezkutuan egon izan da. Suffiek, islamiar mistikoek, berreskuratu zuten eta jende artera zabaldu berriz, Chicagoko Jesuitek egin zuten.

Teknika honek pertsonalki hazteko, besteekin toleranteagoak izateko eta geure buruak eta besteak hobeto ulertzeko bidea eskaintzen digu.

Ikastaro osoa hiru mailetan banatua dago eta hau lehen maila edo urratsa da.

Ikastaroa Julia León-ek eskainiko du: Arnaldo Mangrazzi-ren eskolan ikasia, autoestimu eta sormeneko irakaslea EHU-n, San Juan de Dios Osasun Zentruko kolaboratzailea eta hiru haurren ama, besteak beste.

SABEL DANTZA:

Orainarte oso ezaguna izan ez den dantza oriental honek gero eta arrakasta gehiago du. Hala, gazteriatik eskaintzen den hirugarren aldia da.

Edozein adinetako emakumeei zuzendua dago; ez da baldintza fisiko izugarririk behar eta eskaintzen dituen onurak berriz, izugarriak dira: flexibilitate eta koordinazioa irabazten da, bizkarreko posturak zuzentzen laguntzen du, geure gorputza hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du eta oro har, autoestimuan irabazten da, dibertitu bitartean.

Ikastaro hau Jaione Albeniz-ek eskainiko du: aktoresa lizentziatua. Interpretazio eta bikoizketan aritua. Antzerki, ipuin kontaketa eta gorputz espresioko irakaslea eta duela 4 urtetatik baita sabel dantzako irakaslea ere.

SUKALDARITZA:

Gazteriatik eskaintzen den ikastarorik zaharrenetakoa da. Honen barruan bi maila bereizten dira:

  • Sukaldaritza 1. maila (Sukaldaritzaren hastapenak): sukalde aurrean lehen urratsak ematen lagunduko duen ikastaroa da.
  • Sukaldaritza 2. maila (Gabonetako sukaldaritza): gabonetako plater goxoak prestatzeaz gain, errezeta gehiago ikasi, perfekzionatu edota eskua piska bat gehiago egiten lagunduko duen ikastaroa da.

Ikastaroa hauek Ander Oruesagasti sukaldari eta irakasle adituak eskainiko ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide