Takolo beka irabazi zuen Xabier Ormazabalek bost zazpimilakoak igo ditu

Uztarria.eus 2004ko ira. 6a, 13:09

  • Elurretako lehoinabarra deritzana bukatu duen gazteenetakoa eta lehen euskalduna izango da
  • "Berezia izan zen ziklo bat bukatzen nuelako", dio Berriak eginiko elkarrizketan

Takolo beka irabazi zuen Xabier Ormazabal 23 urteko urretxuar gazteak, 2003ko abenduan. Ordurako Komunismo aldean ibilia zen eta hiru mendi igo. Beraz, bi falta zitzaizkion Elurretako lehoinabarra izateko eta bekak eman dio horretarako bidea. Berria egunkariak larubateko Tartea atalean elkarrizketa egin zion.

Elurretako lehoinabarra deritzon proiektuak lehengo Sobiet Batasuneko bost zazpimilakoak hartzen ditu. 2002an hasi zuen Ormazabalek espedizioa Komunismon eta aurtengo urtean amaitu du Lenin eta Korgenewskaya igota. Hiru espediziotan igo ditu bost mendiak eta Korgenewskaya izan ezik, beste guztiak lehen saiakeran.

"Paradisua" ezagutu duela dio. Lenin bi lagun kataluniarren konpainian igo zuen eta Korgenewskaya-ko erronakari bakarrik egin zion aurre. "Niretzat erronka handia izan zen Korgenewskaya bakarrik eta Alpetar eran igotzea" dio elkarrizketan. Hala ere, gustura zegoen: "6.100 metroan ertza hasten da, gailurreraino. Ertza zoragarria da: alde bietara sekulako ikuspegia, pare-parean Komunismo... Egun perfektua izan zen, hegazkin batean laino artean joatea bezala".

Bost zazpimilako hauek egin dituen gazteenetakoa izango da urretxuarra eta euskaldunen artean lehena. Horregatik, are bereziagoa izan da proiektua. "Mendia beti kanpaleku nagusian bukatzen da, baina Korgenewskaya tontorrean sentitu nuen Elurretako Lehoinabarra han amaitzen zela. Berezia izan zen ziklo bat bukatzen nuelako".

Elurretako Lehoinabarra osatzen duten bost mendiak dira:

Komunismo (7.495m)

Khan Tengri (7.010m)

Pobeda (7.439m)

Lenin (7.134m)

Korgenewskaya (7.105m)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide